Gizartea
Koronabirusa
Jaurlaritzak ez du konfinamendu perimetralik ezarriko, oraingoz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ignacio Garitanok esan du oraindik ez dagoela baieztatuta neurri horren eraginkortasuna kutsatzeak gelditzeko, eta, beraz, aukera hori oraingoz ez dutela mahai gainean azpimarratu du.
-
Ignacio Garitano en una imagen de archivo. Foto: EFE
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du konfinamendu perimetralik ezarriko kutsatze kopuru altuak dituzten udalerrietan, oraingoz.
Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrolerako Programaren koordinatzaileak azaldu duenez, kasu positiboen tasa % 8,4koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Egoerarik okerrena Gipuzkoan dago, 14 herri baitaude 100.000 biztanleko 500 kasutik gora pilatuta. Azpeitian, Azkoitian, Beasainen eta Ordizian, baina, tasa hori 1.100 kasutik gorakoa da.
Testuinguru horretan, eta konfinamendu selektiboak egiteko aukerari buruz galdetuta Garitanok esan duenez, aukera hori gaur egun ez dago mahai gainean, eta gogora ekarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak joan den larunbatean esandakoa: "Kasuak banaka eta zonaldeka aztertzen jarraituko dugu, eta egoerak okerrera egingo balu soilik hartuko genituzke neurri berriak".
Edonola ere, edozein erabaki hartu aurretik, neurri bat eraginkorra izango dela egiaztatu behar da, horren arabera, eta ziurtatu du herritar guztiak etxean isolatzea ez dela Jaurlaritzaren plana, "epe laburrean behintzat".
Konfinamendu perimetralei dagokienez, Garitanok ohartarazi du oraindik ez dela argitu neurri hori eraginkorra den edo ez. "Uda honetan, 500 kasutik gora izan ditugu, eta kasuen aztarnari jarraituz eta kontaktuak isolatuz egoerari buelta ematea lortu dugu, konfinamendu perimetralik ezarri gabe", nabarmendu du.
Bestalde, eta pandemiaren bilakaera une oro zaintzen ari direla azpimarratu ondoren, Garitanok iragarri du baheketa masiboak egingo dituztela Ordizian eta Durangon, azken egunetan udalerri horietan detektatu dituzten kasu positiboen kopuruak nabarmen hazi direlako.