Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positiboen portzentajeak % 8tik eta % 17tik gora egin du EAEn eta Nafarroan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Positiboen portzentajeak 2,3 puntu egin du gora Euskadin eta 4,9 Nafarroan; izan ere, 657 kasu erregistratu dituzte azken orduetan EAEn eta 467 Foru Erkidegoan.

1:20
657 positibo berri zenbatu dira azken orduetan. ETBren bideo batetik atertako irudia.

Euskadin, azken 24 orduetan, COVID-19aren positibo tasak gora egin du eta % 8,4ra igo da, eta ospitaleetako presioak okerrera egin du; izan ere, 300 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoan, 657 kasu zenbatu dituzte, eta larunbatean 743 izan ziren. Halaber, 18 udalerrik, horietako 14 Gipuzkoakoak, 'marra gorria' gainditu dute, 100.000 biztanleko 500 kutsatze baino gehiago izan baitituzte 14 egunean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, 7.838 PCR eta antigeno proba egin zituzten igandean, aurreko egunean baino 4.284 gutxiago.

Positiboen portzentajeak 2,3 puntu egin du gora bi egun horietan, % 6,1etik % 8,4ra. Euskadin ez zen portzentaje hori erregistratzen irailaren hasieratik, eta MOEk pandemia kontrolik gabe geratu aurretik ezarritako muga (% 5) gainditu du.

Ospitaleen egoerari dagokionez, dagoeneko 300 gaixo ospitaleratu daude gela arruntetan (aurreko egunean baino 15 gehiago) eta 55 (hiru gehiago) zainketa intentsiboetako unitateetan, 33 gaixo berri ospitaleratu zituzten egunean (larunbatean baino hiru gutxiago).

Oinarrizko ugalketa indizeak (R0 indizeak gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen du) ere gora egin du apur bat, eta 1,26an zegoen igandean, bezperan baino ehunen bat gehiago.

Bizkaia da kasu gehien izan dituen lurraldea, 313 positiborekin (305 izan ziren aurreko egunean). Gipuzkoak, berriz, behera egin du, eta 275 positibo berri zenbatu ditu (larunbatean baino 61 gutxiago). Araban ere, behera egin du kasu berrien kopuruak, 59 kutsatu baitira (99 positibo atzeman zituzten bezperan). Halaber, EAEtik kanpo bizi diren 10 pertsonak eman dute positibo EAEn egindako probetan (larunbatean baino zazpi gehiago).

Kutsatu gehien Bizkaian atzeman arren, Gipuzkoan dago 100.000 biztanleko intzidentzia-tasarik txarrena 14 egunetan (479,37), Bizkaian (296,28) eta Araban (290,88) baino handiagoa baita. Gaur egun, 360,74ko tasa du Euskadik.

Gipuzkoako 14 herri eta Bizkaiko lau gorriz sailkatu ditu gaur, astelehena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, COVID-19ak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan izandako eragina aztertzen duen koloreetako semaforoa erabiliz. Hain zuzen ere, Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du, eta azken 14 egunetan metatutako eragin-tasaren arabera sailkatu ditu EAEko udalerriak.

"Guri dagokigu une oro beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea"

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan adierazi duenez, "birusak gure artean jarraitzen du", eta, beraz, "guri dagokigu une oro beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea", "inork ez baitaki zenbateko iraupena izango duen pandemiak".

Bestalde, Nafarroan COVID-19aren 466 kasu positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera.

Kasu horiek guztiak 2.719 PCR proba eta antigeno proba eginda atzeman dituzte, eta positibo tasa, beraz, % 17,1ekoa da.

Atzo, gaixotasun horrekin lotutako 17 ospitaleratze izan ziren Nafarroako ospitaleetan, horietako bi zainketa intentsiboetako unitateetan. COVID-19ak bi heriotza eragin zituen, 92 eta 97 urteko bi emakume, eta, beraz, 651 dira guztira hildakoak.

Zonaldeka, positiboen % 65 Iruñean eta Iruñerrian erregistratu dituzte, Tuteran % 7 eta Lizarran % 2. Gainerako positiboak (% 26) Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman dituzte.

Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, talde nagusiak 45 eta 59 urte bitartekoak (% 25) eta 30 eta 44 urte artekoak (% 21) dira. Ondoren, 15 eta 29 urte bitarteko taldea dago (% 19); gero, 15 urtetik beherakoak (% 17); ondoren, 60 eta 75 urte artekoak (% 12), eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 6). Kasu berrien batez besteko adina 39,3 urtekoa da.

Generoari dagokionez, % 49 emakumeak dira eta % 51 gizonak.

Nafarroako ospitale-sarean, 296 pertsona (14 gehiago) daude ospitaleratuta COVID-19arekin; horietatik 37 (atzo bezala) zainketa intentsiboetako oheetan daude eta 44 etxean ospitaleratuta. Gainerakoak (215 paziente) gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 25.403 dira gaur egun.

Egoitzak

Bizkaiko adinekoen egoitzetan positiboek gora egin dute azken bi egunetan, baina ez da adinekorik hil.

Aldundiak jakitera eman duenez, ostiraletik igandera 37 positibotik 47ra (hamar gehiago) pasa dira, eta 11 adineko ospitalean daude. Bi egunetan adineko bat sendatu da.

Era berean, langile gehiagok eman dute positibo; izan ere, 65etik 73ra igo dira kasuak beharginen artean, ostiralean baino zortzi positibo gehiago. Isolatutako langileen kopuruak, ostera, behera egin du, 51etik 45era.

Gipuzkoako egoitzetan bi adineko eman dute positibo azken orduetan, Aldundiak jakitera eman duenez. Ez da adinekorik hil.

Espainia

Erkidegoek Osasun Ministerioari COVID-19 3.750 positibo berri jakinarazi dizkiote azken 24 orduetan. Ostiralean 6.591 kasu diagnostikatu zituzten.

Guztira, 974.449 kasu izan dira pandemia hasi zenetik, datu ofizialen arabera. Azken bi asteetan, 45.046k sintomak izan dituzte eta positibo izan dira, 12.742 azken zazpi egunetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.