Gizartea
Koronabirusa
Bilerak 6 pertsonara mugatzea ez da gomendioa, debekua baizik
EITB.EUS
Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari igorri dio agindua dagoeneko. Auzitegiak orain hiru egun ditu txostena aztertzeko. Hala, beranduen dela, ostegunerako argituta beharko luke auziak.
-
Neurriek herritarren eskubideengan duten eragina aztertu beharko du Auzitegiak. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak sei pertsona baino gehiagoko bilerak debekatu nahi ditu. Exekutiboak horrela azaldu du espresuki, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari igorri dion aginduan, koronabirusaren gorakadari aurrea hartzeko.
Elkartzeak sei pertsonara mugatzea gomendioa ez dela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak, debekua baizik.
EAEko Auzitegi Nagusiak agindua aztertu eta berretsi ala ez erabaki beharko du datozen egunetan.
Gauzak horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak hiru egun ditu txostena aztertu eta berresteko. Hori horrela, beranduen dela, ostegunerako argituta beharko luke auziak, Garbiñe Biurrun Auzitegiko behin-behineko presidenteak atzo Euskadi Irratian iragarri zuenez.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Aretoak "lehentasun osoz" aztertuko du agindua, eta beraz, baliteke arinago ebaztea.
Murrizketok herritarron eskubideengan duten eragina aztertuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Biurrunen esanetan, "neurriz neurri" aztertuko dute agindua.
Neurriak
Azken asteetan positiboen kopuruak gora egin ondoren, pandemiari aurre egiteko neurri berriak eman zituen larunbatean Osasun sailburuak.
Besteak beste, pertsona taldeak, aforoak, ostalaritzako ordutegiak, parke eta lorategietako ordutegiak edo federatu gabeko kirol lehiaketak jomuga dituzte neurriek.
Indarrean zegoen araudia aldatuko dute neurri berriekin. Besteak beste, taldeak 10 pertsonatik 6ra pasako dira, eta edukierak % 50era murriztuko dituzte jarduera esparru guztietan.
Oro har, kanpoko ekitaldietan 600 pertsona baino gehiago biltzea ez da posible izango, eta 400 barruan. Tabernek eta jatetxeek 24:00etan itxi beharko dute, eta txoko eta elkarteetan biltzea debekatuta egongo da.
Gainera, parke, lorategi eta jolastokiak 23:00etan itxiko dituzte, eta federatu gabeko kirol lehiaketak bertan behera geratuko dira.
Oraingoz, ez dute konfinamendurik aurreikusten, baina ez dute baztertzen.
EAEko auzitegiak neurriak berrestea espero du Jaurlaritzak, Galiziako Auzitegi Nagusiak antzeko neurriekin egin bezala, Gobernuko iturriek argudiatu dutenez.
“Pandemia hilabete asko aurretik ditugu”, ohartarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta “une bakoitzean beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko beharko dira”.
“Birusak astintzen jarraitzen du, eta inork ez dakit nola eta noiz arte, jakitun izan behar gara. Ondorioz, une bakoitzean beharrezkoak diren neurri guztiak hartu behar ditugu, pandemia hilabete asko ditugulako aurretik”, adierazi du Urkulluk.
Azken 24 orduetan positibotasun tasa % 8,4ra igo da EAEn PCR probetan, eta ospitaletan presioak gora egin du; izan ere, 300 ospitaleratu dira dagoeneko. Gainera, beste 55 pertsona ZIUn daude.