Gizartea
KORONABIRUSA
Sei pertsona baino gehiago ezingo dira Iparraldeko jatetxeetan bildu, gaurtik aurrera
EITB.EUS
Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak iragarri duenez, merkatalguneen edukiera ere jaitsi egingo da, eta neurri horiek emaitzak hobetu ezean, murrizketa gehiago ezarriko dituzte.
-
Sei pertsona bildu ahal izango dira, gehienez, Iparraldeko terrazetan. Argazkia: EiTB
Irailaren 9an, Frantziako Gobernuak "eremu gorrira" igaro zuen Ipar Euskal Herria, COVID-19aren intzidentzia tasa zela eta. 100.000 biztanleko 55 positiboko tasa zuen garai hartan Pirinio Atlantikoetako Departamentuak (Ipar Euskal Herria barne duena).
Gaur, urriaren 17an, 100.000 biztanleko 155 positiboko tasa dute Pirinio Atlantikoetan eta kopuruaren bilakaera ikusita, neurri berriak iragartzeko prentsaurrekoa eman du larunbat honetan Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Koronabirusaren zabalkundeari galga jartzeko, bi neurri berri iragarri ditu Spitzek: batetik, jatetxeetan bil daitezkeen taldeen kide muga 10etik 6ra jaitsiko dute (irailaren 12tik zegoen 10 pertsonako muga ezarrita); eta bestetik, jaitsi egingo dute merkatalguneetako aforo edo edukiera kopurua ere.
Neurri berri hauekin, okerrera egiten ari den egoera honi buelta eman nahi diote, baina lortu ezean, datorren asteartetik neurri berriak hartuko dituztela ere iragarri du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Taberna eta jatetxe guztiak 22:00etarako itxi beharko dira eta bertan izaten diren bezeroek izen-abizenak utzi beharko dituzte.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, une honetan 10 lagun daude Baionako ospitalean COVID-19arekin, horietako hiru ZIUn.