Gizartea
KORONABIRUSA
Goraka jarraitzen dute COVID kasuek: 841ra iritsi dira EAEn eta 547ra Nafarroan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadiko positibitate tasa %7,74ra igo da, eta Gipuzkoan atzeman dira kasu guztien erdia baino gehiago: 430. Nafarroan, bost lagun hil dira, eta %16,1eko da positibitate tasa.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, atzo 10.867 PCR proba egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 841 positiboak izan ziren. Beraz, positibotasun-tasa % 7,74koa da.
Lurraldeka, 84 kasu berri atzeman ziren Araban, 321 Bizkaian, 430 Gipuzkoan eta 8 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonenak izan ziren.
Nabarmentzekoa da Gipuzkoaren egoera, kasu berrien erdia baino gehiago bertan atzeman baitira. Erreferentzia gisa: urriaren 7an, 430 kasu izan ziren EAE osoan, gaur Gipuzkoak bakarrik duen zenbaki bera.
Larunbat honetan, EAEko 10 udalerri gorriz koloreztatu ditu Eusko Jaurlaritzak, dituzten datu txarrengatik: Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Durango, Elgoibar, lekeitio, Ordizia, Tolosa, Urnieta eta Zumarraga.
"Kontu handiz ibiltzeko" eta "jendetza bildu dezaketen jarduerak saihesteko" eskatu die Gotzone Sagaradui Osasun sailburuak Urola Garaiko eta Goierriko alkateei.
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 58 pertsona ospitaleratu zituzten, eta ZIUetan 51 pertsona daude COVIDarekin.
Nafarroako Gobernuaren Osasun Sailak 547 positibo atzeman ditu azken 24 orduetan, 3.358 PCR proba eta test antigeno egin ostean; beraz, positibitate tasa % 16,1era igo da.
Bost pertsona hil dira, gainera, COVIDarekin: 62 urteko gizonezkoa bat eta 61, 79, 88 eta 95 urteko lau emakumezko, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Guztira, 643 pertsona hil dira koronabirusarekin, pandemia hasi zenetik.
Bigarren eguna da jarraian, 500dik gora kasu berri atzematen direla 24 ordutan, eta astebetean hirugarren eguna, 500dik gora kasu atzeman direna. Astelehenean ere 546 kasu atzeman ziren eta orduan, positibitate tasa % 17,6koa izan zen.
Ondorengo egunetan, 362 (asteartean) eta 376 (asteazkenean) izan ziren, eta goraka hasi ziren datuak gero, berriro: 444 ostegunean eta 523 ostiralean.
Bestalde, 15 lagun ospitaleratu zituzten atzo COVID-19arekin. Hala, une honetan 256 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan arrazoi horrengatik, horietako 35 zainketa berezien unitateetan.