Itxi

Gizartea

COVID-19

Urkulluk aholku-batzordea bilduko du larunbat honetan, neurri gehiago hartzeko

eitb.eus

Larunbat honetan iragarriko dituzten murrizketa berriek orain arte espazio publiko eta lokaletan baimendutako edukierekin zerikusia izango dute; esaterako, taberna eta jatetxeen barnealdea ixtea.

1:6
Neurri berriak. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakar gisa laguntzen duen aholku-batzordearen bileraren buru izango da larunbat honetan, 12:00etatik aurrera, COVID-19ari aurre egiteko neurriak aztertzeko, Lehendakaritzak ohar batean jakitera eman duenez.  Bilera eta gero, prentsaurrekoa egongo da.

Euskal Autonomia Erkidegoak positiboen beste gorakada bat izan du azken orduetan, 828 koronabirus infekzio berri zenbatu baitituzte, abuztu amaieratik ikusi ez den kopurua, eta positiboen tasa % 7,4ra igo da.

Gipuzkoako zortzi herri eta Bizkaiko bi gorriz margotu ditu gaur, ostirala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, COVID-19ak Euskadiko udalerrietan izandako eragina aztertzen duen koloretako semaforoa erabiliz. Hain zuzen ere, Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du, eta azken 14 egunetan metatutako eragin-tasaren arabera sailkatu ditu EAEko udalerriak.

Bihar iragarriko dituzten murrizketa berriek orain arte espazio publiko eta lokaletan baimendutako edukierekin zerikusia izango dute; esaterako, taberna eta jatetxeen barnealdea ixtea, Espainiako Gobernuak birusaren hedapena kontrolatzeko egindako zirriborroak jasotzen duen bezala.

Gainera, Osasun Ministerioak koronabirusaren maila altuan kokatu du Euskal Autonomia Erkidegoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.