Gizartea
KORONABIRUSA
Kutsatzeak nabarmen igo dira EAEn eta Nafarroan, 828 eta 523 positiborekin
eitb.eus
Pandemia osoan izandako bigarren kutsatze kopururik txarrena jaso du EAEk. Nafarroak, berriz, % 15eko positibotasuna eman du.
-
Goierri eta Urola Beherea, pandemiaren epizentroak Gipuzkoan: EFE.
Euskal Autonomia Erkidegoak positiboen beste gorakada bat izan du azken orduetan, 828 koronabirus infekzio berri zenbatu baitituzte, abuztu amaieratik ikusi ez den kopurua, eta positiboen tasa % 7,4ra igo da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, atzo, asteazkena, 11.263 PCR proba egin zituzten, asteartean baino gehiago, eta 828 kutsatze berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 149 kasu gehiago.
Horrela, positiboen tasa % 6,2tik % 7,4ra igo da 24 orduan, eta zazpi egunez jarraian % 5etik gora mantendu da; hortik aurrera talde transmisioa dagoela uste da.
Hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du Euskadin, eta 100.000 biztanleko 305,53 kasutan kokatzen da.
Halaber, R0 oinarrizko ugalketa indizea (gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena) 1,15etik 1,17ra igo da.
Azken 24 orduetako beste datu negatibo bat ospitaleratze berriena da, 40, aurreko egunean 35, baina asistentzia-presioa zertxobait hobetu da; izan ere, gela arruntetan 264 paziente daude (273 asteazkenean) eta 50 (bat gutxiago) zainketa intentsiboetako unitateetan.
Gipuzkoako zortzi herri eta Bizkaiko bi gorriz margotu ditu gaur, ostirala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, COVID-19ak Euskadiko udalerrietan izandako eragina aztertzen duen koloretako semaforoaren sistemari jarraituz. Hain zuzen ere, Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du, eta azken 14 egunetan metatutako eragin-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan atzeman dituzte kutsatu gehien: 370 kutsatu zenbatu zituzten atzo, eta 303 izan ziren bezperan. Bestalde, kutsatze guztietatik 116 Araban atzeman dituzte. Bizkaian ere, gora egin du kutsatzeen kopuruak, 370ra, asteazkenean 291 izan baitziren.
Arabako 116 kutsatze berrietatik 95 Gasteizen zenbatu dituzte, asteazkenean baino 33 gehiago, eta ia 284 kasuko intzidentzia-tasa metatua du.
Bizkaian, Bilbok 99 infekzio (14 gehiago) zenbatu ditu eta 243,1 kasuko tasan dago. Lurralde horretan bi udalerri daude, Durango eta Lekeitio, 500 kasu baino gehiagoko intzidentzia-tasekin, 533,3 eta 510,6, hurrenez hurren.
Intzidentzia-tasa hori handiagoa da Gipuzkoako zortzi udalerritan: Azkoitia (975,89), Azpeitia (943,1), Ordizia (712,1), Beasain (680), Astigarraga (631), Tolosa (586,4), Zumarraga (563,1) eta Elgoibar (500,6).
Donostian , berriz, intzidentzia-tasa 287,3koa da, eta 64 pertsona kutsatu dira azken orduetan, aurreko egunean baino 18 gutxiago. Azpeitian, herritarren artean baheketa egin dute, eta atzo 27 positibo berri aurkitu zituzten (bezperan baino 20 gehiago).
Halaber, EAEtik kanpo bizi diren zortzi pertsonak eman dute positibo EAEn egindako probetan, aurreko eguneko kopuru bera.
Adinaren arabera
Euskadin kasu berrietatik 295, 40 eta 64 urte artekoak dira, eta 263, 19 eta 39 urte artekoak. 18 urte arteko populazioan 119 kasu atzeman dira, 65 eta 79 urte bitarteko tartean 84 kasu, eta 80tik aurrera beste 58 kasu positibo detektatu dituzte.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handiena 19 eta 39 urte bitarteko biztanleei dagokie, 370,2ko tasarekin; txikiena, berriz, 65 eta 79 urte bitarteko biztanleei dagokie, 189,5eko tasarekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak EAEko ikastetxeetan COVID-19ak duen eraginari buruzko datuak eguneratu ditu. Gaur egun, ez dago aurrez aurreko eskola jarduera etenda duen ikastetxerik, baina orotara 116 ikasgela daude itxita 84 ikastetxetan.
Hamahiru kutsatu gehiago Gipuzkoako erresidentzietan
Gipuzkoako zahar-etxeetan 13 positibo berri izan dira azken orduetan, baina ez da hildako gehiago zenbatu, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Kasu berriak Donostiako Alai Etxe egoitzan (3), Berran (3), Donostiako Lamourousen (1) eta Zumarragako Argixaon (6) atzeman dituzte.
Gainera, bost pertsona gehiagok gainditu dute gaixotasuna: hiruk Bergarako Mizpirualden eta beste bik Errenteriako Jesusen Bihotzean.
Gaur egun, COVID-19aren erabiltzaile positiboak daude Gipuzkoako foru sareko zazpi zentrotan: Hernaniko Santa Maria Magdalena (4), Bergarako Mizpirualde (8), Alai-Etxe (28), Berra (7), La Paz (1), Donostiako Lamourous (1) eta Zumarragako Argixao (6).
55 pertsona horietatik, sei ospitaleratuta daude, eta 37 Eibarko ospitalean artatzen ari dira, bertara bideratu baitituzte Gipuzkoako egoitzetako koronabirus kasuak.
Abuztuaren 11n egoitzetan bigarren olatuko lehenengo positiboa atzeman zutenetik, 33 erabiltzaile hil dira eta 67 adinekok gainditu dute gaixotasuna.
15.186 kutsatu eta 222 hildako Estatu espainiarrean
Espainiako Osasun Ministerioak 15.186 pertsona gehiago kutsatu direla jakinarazi du ostiral honetan, 6.591 azken 24 orduetan; beraz, guztira 936.560 kasu izan dira epidemia hasi zenetik, eta hildakoak 33.775 izan dira, 222 gehiago izan ostean.
Nafarroan 500 kasu baino gehiago berriro
Foru Erkidegoak 523 COVID-19 kasu berri erregistratu ditu ostegunean, bigarren aldiz 500 kasu baino gehiago, joan den igandean 546 kasu (daturik altuena) zenbatu ostean.
Ostegunean 3.477 PCR proba eta test antigeniko egin zituzten, eta horrek % 15eko positibotasuna eman du, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakitera eman duenez.
Gainera, 81 urteko gizon bat eta 77, 89 eta 91 urteko hiru emakume hil dira. Halaber, aurreko egunetako 75 eta 97 urteko bi gizonen heriotzak jakinarazi dituzte. Guztira, 638 pertsona hil dira Nafarroan koronabirusaren ondorioz.
Zonaldez zonalde aztertuta, Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 56 erregistratu dituzte, Tuteran % 20, eta Lizarran % 3. Gainerako positiboak (% 21) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Erregistratutako kasuen banaketari dagokionez, adin-tarteen arabera, gehienak, % 29, 45 eta 59 urte artekoak dira eta 15 eta 29 urte artekoak % 19 dira. Jarraian, 30-44 urteko taldea dago, % 17rekin; gero, 60-75 urteko taldea, % 13rekin; ondoren, 15 urtetik beherakoak, % 12rekin; eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak, % 10ekin. Kasu berrien batez besteko adina 44 urtekoa da.
Generoari dagokionez, % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.
Nafarroako ospitale-sarean 271 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino bat gutxiago), horietatik 36 zainketa intentsiboetako unitateetan daude eta beste 40 etxean. Gainerakoak, 195 gaixo, ospitaletako gela arruntentan daude.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, gaur egun 23.979 dira Nafarroan kutsatutakoak.
Gripearen eragina "erabakigarria" da
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu duenez, Euskadi material logistiko gehiago erosten eta prestatzen hasi da, eta material hori beharrezkoa izango da COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko. Horrekin batera, gaur egun gripearen aurkako txertaketa-kanpainan "zentratuta" daudela gogorarazi du.
828 kasu positibo erregistratu dituzte PCR proba bidez, pandemia hasi zenetik Euskadin jasotako bigarren kopururik altuena, abuztuaren 28an jakinarazitako 885 kasuek soilik gainditu dutena.
Zentzu horretan, "une honetan ekarpen txikia egin dezakeela" onartu du, "oraindik itxarote-fasean gaudelako, azkenean zenbat txerto baimenduko diren eta noiz eta zenbat dosi erabili ahal izango diren jakin arte".
Sailburuak azaldu duenez, irizpide horiek azkenean onartuko diren txertoen, eskuragarri dauden txertoen eta indikazio terapeutikoen errealitatera egokitu beharko dira, Sendagaien Europako Agentziak azkenean baimentzen dituen adinaren eta taldeen arabera.