Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Jaurlaritzak ekitaldi sozialak "ahalik eta gehien" murrizteko eskatu du

agentziak | erredakzioa

COVID-19aren 4.453 kasu aktibo daude EAEn, eta 9.842 isolatuta. Osakidetzak uste du ekitaldi sozialengatik eta familiak elkartzeagatik igo dela kasu kopurua.

1:24
Jendea Kalean. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ekitaldi sozialak eta elkartzeak "ahalik eta gehien" murrizteko deia egin die herritarrei, azken egunotan COVID-19aren pandemiak izan duen gorakadari aurre egite aldera.

Ignacio Garitano Osasun Sailaren Kontrol eta Zaintzako programaren koordinatzaileak azken astean pandemiak izan duen joerari buruzko datuak eman ditu. Hala, azken astean 3.198 kasu atzeman dituzte EAEn (1.385 Bizkaian, 1.303 Gipuzkoan, eta 428 Bizkaian).

100.000 biztanleko tasak azken egunotan igo egin da; izan ere, 247,9koa zen urriaren 5ean, 263,2koa hilaren 11n, eta 286,8koa gaur egun. Guztira 4.453 kasu aktibo daude EAEn, eta 9.842 pertsona, isolatuta.

Garitanoren arabera, ekitaldi sozialek eta familia elkartzeek lagundu egin dute kasuen gorakadan; horregatik, "beharrezkoa da ahalik eta gehien murriztea elkartzeak", eta "kutsatzea ahalbidetzen duten arrisku egoerak saihestea".

"Herritarrei arduraz jokatzea eskatzen diegu, gorakada gelditzea jarreraren menpe" dagoelako, azaldu du Garitanok, eta ez du argitu kasuek datozen egunetan gora egiten jarraitzen badute murrizketa gehiago egingo ote dituzten.

Jaunartzeek, "futbol partidak ikusteko geratzeak", familia bazkariek, bataioek edo ezkontzek kutsatzeak ugari ditzaketen ekitaldiak direla berretsi du, eta indarrean dauden neurriak bete behar direla jende pilaketak saihesteko.

Beasainen eta Irunen egingo dituzten baheketen berri eman du, eta Azkoitiko (35 positibo 3.072 probatik) eta Gasteizko (baheketa ez da amaitu, baina 21 positibo daude 2088tik) emaitzak jakinarazi.

Azpimarratu du baheketa horiei esker positibo batzuk atzeman dituztela, ezkutuan zeudenak, eta atzeman ez balituzte kutsatze gehiago egongo ziratekeela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.