Gizartea
Koronabirusa
Macronek etxeratze-agindua ezarri du Parisen eta beste zortzi hiritan COVID-19agatik
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, larrialdi-egoera ezarriko dute herrialde guztian. Etxeratze-agindua 21:00etatik 06:00etara izango da larunbatean hasita, eta lau aste iraungo du, baina seira luzatzeko aukerarekin.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak iragarri du etxeratze-agindua ezarriko duela COVID-19agatik alerta egoeran dauden Paris hiriburuan eta zortzi hiritan, ospitaleetako egoera larritzen ari delako.
Halaber, herrialde guztian osasun larrialdi-egoera ezartzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Agindua larunbat gauerdian sartuko da indarrean.
21:00etatik 06:00etara izango da etxeratze-agindua, eta larunbatean hasiko da. Lau astez iraungo du neurriak, baina beste bi astez luzatzeko aukerarekin, presidenteak azaldu duenez.
"Neurri zorrotzagoak hartu behar ditugu, egoera kezkagarri baten aurrean baikaude", adierazi du Macronek.
Kutsatzeen hazkundea gelditzea da neurriaren helburuetako bat, egunean 20.000 kutsatze atzematen baitituzte, eta 3.000-5.000 kutsatzera murriztu nahi dute kopurua.
Udaberrian izandako konfinamendua errepikatzea "gehiegizkoa" izango litzatekeela esan du Macronek, eta, horren aurrean, etxeratze-agindua "neurri egokia" dela.
"Ezingo da jatetxe batera joan 21:00etatik aurrera, ezta lagunen etxeetako festetera ere", azaldu du presidenteak, arau-hausteak zaintzeko polizia-kontrolak eta isunak jarriko dituztela jakinarazi aurretik. Era berean, baimenak egongo dira lanera joateko edo bestelako ezinbesteko zereginetarako.
Egoera bereziki zaila da Parisen eta inguruetan, 100.000 biztanleko 320,9 kasu baitaude, eta koronabirusa duten gaixoenak dira zainketa intentsiboen unitateetako oheen % 45.
Parisez gain, etxeratze-agindua izango dute Marseilla, Lyon, Lille, Grenoble, Montpellier, Tolosa, Rouen eta Saint Etienn hirietan.
Pandemiak 33.000 pertsona baino gehiago hil ditu Frantziako Errepublikan, azken datu ofizialen arabera.