Gizartea
Koronabirusa
Non, noiz eta nola egingo dute baheketa selektiboa Azpeitian?
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Borondatezko PCR probak 17 eta 40 urte arteko azpeitiarrei zuzenduta daude. Testak Izarraitz frontoian egingo dituzte, ostegun honetatik aurrera. Aurretiazko hitzordua hartzea ezinbestekoa da.
-
Azpeitia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Osasun Sailak eta Osakidetzak ostegun honetan abiatuko dute baheketa selektiboa Azpeitian. Borondatezko PCR probak 17 eta 40 urte arteko herritarrei zuzenduta daude.
Testak Izarraitz frontoian egingo dituzte ostegunean eta ostiralean, 13:00etatik 20:00etara, eta larunbat goizean. Proba egiteko ezinbestekoa izango da hitzordua hartzea, Azpeitiko osasun zentrora deituta (943 02 54 00) edo Osakidetzako aholkularitza zerbitzuarekin (900 20 30 50) harremanetan jarrita.
Proba egin ostean eta emaitza jakin arte, prebentzio neurriak zorroztea eta harreman sozialik ez izatea gomendatu dute osasun agintariek.
Emaitzak sakelako telefonora SMS mezua bidalita jakinaraziko dituzte, gehienez 72 ordutan.
Edonola ere, emaitza positiboa bada, osasun zentrotik telefonoz deituko diote pazienteari. 72 ordutan jakinarazpenik jaso ez badu, pazienteak berak deitu beharko du osasun zentrora.
Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogora ekarri dute COVID-19aren sintomak izanez gero (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko arazoak edo usaimen galera), etxean geratzea eta osasun zentrora berehala deitzea ezinbestekoa dela.