Gizartea
Koronabirusa
Tolosako Asuncion ostegunean itzuliko da normaltasunera, agerraldia kontrolatuta
agentziak | erredakzioa
Klinikak azaldu duenez, egoera egonkorra bada, gaixoak hartuko dituzte eta kirurgiak jarriko dituzte martxan, baina murrizketekin jarraituko dute.
-
Tolosako Asuncion Klinika. Foto: EiTB
Tolosako Asuncion Klinikak kontrolatutzat eman du COVID-19 agerraldia atzotik positibo gehiago ez dutelako atzeman, eta ostegunean ohiko jarduerara itzultzeko asmoa du, klinikak berak jakitera eman duenez.
Zentroaren arabera, egoera egonkorra bada, ostegunean itzuliko da ohiko jarduera. Hori horrela, kirurgiak jarriko dituzte berriro martxan, eta larrialdiko ospitaleratzeak ez dituzte Bidasoko eskualdeko ospitalera bidaliko.
Kanpoko kontsultak eta anbulategiko jarduerak ohiko legez egongo dira martxan, "ez baitira sekula gelditu". Gaixoen eta langileen segurtasuna bermatzeko, gaur zentroko areto guztiak desinfektatuko dituzte.
Era berean, ospitaleratuta daudenen bisitak mugatuta egongo dira, eta gaixo bat egongo da gelako. Bestalde, datozen lau asteotan PCRak egingo dizkiete astean behin langile guztiei.
Klinikatik azaldu dute neurriak "Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin adostuak" izan direla, eta horrekin "harreman estuan" jarraituko dutela, "lehenengo kutsatzeak atzeman zirenetik egin duten moduan".