Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Azkoitian eta Sansomendin egindako baheketetan positiboen tasa % 1 ingurukoa izan da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Orain arte jasotako emaitzen arabera, Azkoitian 35 kasu positibo detektatu dituzte eta Gasteizko Sansomendi auzoan 18.  

  • PCR probak Azkoitiako frontoian egin ziren.

    PCR probak Azkoitiako frontoian egin ziren. Artxiboko argazkia: EFE

Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan egindako baheketetan antzemandako positiboen tasa % 1 ingurukoa izan da.

Pandemiaren bilakaera aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Azkoitian baheketa bat egitea erabaki zuen. Hala, 17 eta 60 urte arteko herritarrei borondatezko PCR probak egin zizkieten urriaren 7tik 10era bitartean. Astearte honetan emandako datuen arabera, 3.069 emaitza jaso dituzte eta horietatik 35 lagunek eman dute positibo, hau da, % 1,14k.

Sansomendin urriaren 8an hasi ziren eta datorren ostirala arte arituko dira PCR probak egiten. Oraingoz, 1.846 testen emaitzak eskuratu dituzte eta 18 positibo izan dira. Beraz, positiboen tasa % 0,98koa da.

Hori bai, aipatu datuei beste bide batzuetatik detektatutako kasuak gehitu behar zaizkie, osasun zentrora sintomak dituztelako joan diren herritarrena, adibidez.  

Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 988 kasu antzeman dituzte Azkoitian –EAEko tasarik altuena- eta 559 kasu Sansomendin.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du datorren ostegunean beste baheketa bat abiatuko duela Azpeitian. Borondatezko PCR probak 17 eta 40 urte arteko herritarrei zuzenduta egongo dira.

Azken bi asteetan 100.000 biztanleko 763 kasu detektatu dituzte eta astelehenean 18 pertsona kutsatu ziren.

Azken orduetan kasu positiboen kopuruak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 529 lagun gehiago kutsatu dira eta positiboa tasa % 7,8ra igo da.