Gizartea
Koronabirusa
Osakidetzak beste baheketa bat egingo du ostegunetik aurrera Azpeitian
eitb.eus
17 eta 40 urte arteko herritarrak daude deituta. Azkoitian, berriz, 35 positibo atzeman dituzte, egindako 3.669 proben % 1,14a. Sansomendiko baheketak martxan jarraitzen du, 18 positiborekin.
Eusko Jaurlaritzak beste baheketa bat egingo du, oraingoan Azpeitian (Gipuzkoa), Ignacio Garitano Osakidetzako eta Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak iragarri duenez.
Pandemiak herri horretan duen joera ikusita hartu dute erabakia, eta proba egitera deituta egongo dira ostegunetik aurrera 17 eta 40 urte arteko herritarrak.
Aurki emango dute ordutegiei buruzko informazioa, eta hitzordua eskatzeko telefono zenbakia.
Azkoitiko eta Sansomendiko emaitzak
Bestalde, Garitanok Azkoitiko (Gipuzkoa) eta Sansomendiko (Gasteiz) baheketen emaitzen berri eman du.
Azkoitiko kasuan, 3.669 probetatik 35ek eman dute positibo, hau da, % 1,14k.
Sansomendin, berriz, ez da baheketa prozesua amaitu, baina oraingoz 18 positibo atzeman dituzte 1.846 PCR egin ondoren, hau da, % 0,98k eman du positibo.
Garitanok prozesuen balorazio positiboa egin du, bestela ezkutuan egongo liratekeen kasu berriak ikusi eta isolatu ahal izan dituztelako.