Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Donostian ez da San Tomas jairik egingo, ezta danborradarik ere, COVID-19a dela eta

Agentziak | Erredakzioa

Gainera, Olentzeroren eta Errege Magoen desfileen ordez "beste aukera batzuk" aztertzen ari dira, "jende-pilaketak saihesteko". COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz hartu dute erabakia.

2:40
Danborrada. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Eneko Goia Donostiako alkateak jakinarazi duenez, abenduan ez da San Tomas jairik egingo, ezta 2021eko danborradarik ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Gainera, Olentzeroren eta Errege Magoen desfileen ordez "beste aukera batzuk" aztertzen ari dira.

Tokiko Gobernu Batzordean jorratutako gaien berri emateko prentsaurrekoan, Gabonetan ez dela desfilerik egingo aurreratu du Goiak; izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz jende-pilaketak saihestu behar dira. Hori dela eta, "arduragatik" erabaki dute aurten desfilerik ez egitea.

Testuinguru horretan, "zenbait jarduera" garatu ahal izateko "beste aukera batzuk" aztertzen ari direla esan du, eta umeak lasaitu ditu, Errege Magoak eta Olentzero gure artean egongo direla esanez.

"Toki jakinetan jende-pilaketak sortzen ez dituzten aukerak bilatu behar ditugu", nabarmendu du Donostiako alkateak. Nolanahi ere, San Tomas eguna abenduaren 21ean ospatzea "ezinezkoa" dela esan du.

Gauzak horrela, aurten ez da San Tomas azokarik egingo. Gainera, "ez da erraza" festa horren ordez "zerbait sinbolikoa" antolatzea, egun horretan "jende asko biltzen delako".

Danborradari dagokionez, helduen eta haurren danborradekin aurretik egindako lanaren ostean, hartutako erabakia bozeramaileen batzordearekin partekatuko dute ostegunean.

Gauzak horrela, ez ditu baztertu horren ordez anolatu daitezkeen "beste jarduera sinboliko batzuk", baina danborradek ez dute ohi bezala desfilatuko, izan ere, "agerikoa da koronabirusak eragindako egoera".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.