Itxi

Gizartea

Gabon festak

Errege Magoen etorrera ospatuko du Iruñeak, baina desfilerik gabe

EiTB.EUS

Ospakizunak antolatzeaz arduratzen den elkarteak iragarri du, COVID-19aren pandemia dela eta, ez dutela ohiko desfilea egingo. Datozen asteetan emango dituzte horri buruzko xehetasun gehiago.

  • Errege Magoen etorrera ospatuko du Iruñeak, baina desfilerik gabe

    2020ko Erregen desfilea, Iruñean. ETBren bideo batetik hartutako irudia

Iruñeak ez du datorren urtarrilaren 5ean Errege Magoen ohiko desfilea egingo, ospakizunak antolatzeaz arduratzen den elkarteak bere webgunean iragarri duenez.

Txikienei zuzendutako mezu horretan zehaztu dute, COVID-19aren pandemia dela eta, ezingo dutela ohiko desfilea egin, nahiz eta erregen etorrera "modu ikusgarrian" ospatuko duten.

"Erregeek bidali diguten mezua helarazi nahi dizuegu: Haur maitagarriok, hitzeman genizuen bezala, urtarrilaren 5ean Iruñean izango gara. Egungo osasun egoerak, ordea, ez digu ohiko desfilea egiten utziko. Halere, "zerbait ikusgarria" antolatuko dugu. Jakin badakigu hilabeteotan sekulako ahalegina egin duzuela, horregatik, zuek ikusteko eta zuen etxeak bisitatzeko irrikan gaude", dio oharrak.

Oraindik, baina, ez dute argitu zer antolatuko duten desfilearen ordez, nahiz eta datozen asteetan emango duten horren berri.