Itxi

Gizartea

Koronabirusa

COVID-19aren aurkako txertoa lortzeko probak eten ditu Johnson & Johnsonek

Agentziak | Erredakzioa

Hain zuzen ere, boluntario baten "gaixotasunaren zergatia argitu ezinik" gelditu dituzte probak. Hori dela eta, parte-hartzaile horri gertatutakoa aztertzen ari dira.

  • Langile bat, txerto baten dosia prestatzen.

    Langile bat, txerto baten dosia prestatzen. Argazkia: EFE

Johnson & Johnson multinazionalak COVID-19aren aurkako txertoa lortzeko probak behin-behinean eten ditu, boluntario baten "gaixotasunaren zergatia argitu ezinik".

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, multinazional horrekiko independentea den Datuen Segurtasuna Zaintzeko Batzordeak (DSMB, ingelesezko sigletan) gaixotutako parte-hartzaile horri gertatutakoa aztertzen ari da.

"Koronabirusaren aurkako txertoa lortzeko saio klinikoetan aurreikusitako dosi berriak behin-behinean eten ditugu, baita 3. faseko saiakuntzan ere, ikerketa honetan parte-hartzen duen boluntario batek jasandako gaixotasunaren zergatia argitu ezinik", azaldu du enpresak oharrean.

Testuinguru horretan, konpainiak ez du horren inguruko xehetasun gehiago eman nahi izan, gaixotutako parte-hartzaile horren "pribatutasuna errespetatu" behar dutela arrazoituta.

"Boluntarioaren gaixotasunari buruz gehiago ikasten ari gara, eta garrantzitsua da datu guztiak izatea informazio gehiago zabaldu aurretik", gaineratu du multinazionalak.

Johnson & Johnson enpresak New Brunswick hirian (New Jersey, AEB) du egoitza nagusia, eta "azterketa eten baten eta saiakuntza kliniko baten arauzko atxikipenaren arteko alde nabarmena" argitu du oharrean.

"Ikerketaren etenaldi bat, non ikerketaren babesleak eten bat egiten duen erreklutamenduan edo dosifikazioan, entsegu kliniko baten protokoloaren ohiko urrats bat da", azaldu du konpainiak.

Alabaina, "saiakuntza kliniko baten arauzko atxikipena osasun-agintaritza arautzaile baten betekizuna da, adibidez, AEBko Elikagaien eta Sendagaien Administrazioarena (FDA, ingelesezko sigletan)".

COVID-19aren aurkako txertoa lortzeko ikerketaren baitan, 3. faseko laugarren entsegu klinikorako boluntarioak bilatzen hasi zirela jakinarazi zuten AEBko Osasun Institutu Nazionalek (NIH, ingelesezko sigletan) irailaren 23an.

Izan ere, oraindik ikerketa prozesuan dagoen Janssen COVID-19 txertoaren (JNJ-78436725) dosi bakar batek koronabirusa saihesteko balio duen jakin nahi dute. Horretarako, hainbat herrialdetako 60.000 boluntariorekin probak egitea aurreikusita zuten. Dena dela, probak behin-behinean eten dituzte, gaixotutako boluntario horren egoera argitu arte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.