Itxi

Gizartea

TRAFIKOA

Auto-ilara luzeak N-637 errepidean, Sondikan, hainbat ibilgailuk talka egin ostean

EITB.EUS

Hamahiru ibilgailuk istripua izan dute, Gurutzetarako noranzkoan, eta hiru pertsona eraman dituzte Gurutzetako ospitalera. N-1ean ere ilara luzeak sortu dira, Andoainen, bi istripurengatik.

Auto-ilara luzeak sortu dira.

Hamahiru ibilgailuren arteko istripua gertatu da gaur goizean N-637 errepidean (Txorierriko igarobidea), Sondikan, eta auto-ilara luzeak sortu dira Gurutzetarako noranzkoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. 

Ezbeharra 07:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu da. Kamioi eta autobus batek eta beste 11 ibilgailuk talka egin dute, Gurutzetarako noranzkoan, eta auto-ilara luzeak sortu dira.

Sei kilometro inguruko auto-ilarak sortu dira, Zamudioraino.

Hasiera batean errepidea guztiz itxi dute bi norabideetan, baina 08:15 aldera errei bat ireki dute.

Istripuaren ondorioz, hiru pertsona eraman dituzte Gurutzetako ospitalera.

Errepide horretan bertan, bigarren istripu bat gertatu da Barakaldon, Gurutzetarako noranzkoan. 11:00ak baino minutu batzuk lehenago, auto bat irauli egin da BEC parean. Emakume bat zauritu da.

Ezbeharraren ondorioz, errei bat itxi dute eta auto-ilara luzeak sortu dira. Ilarak Asuako irteeraraino iristen dira.

Goiz korapilotsua N-1 errepidean, bi istripuren ondorioz

Goizean N-1 errepidean izandako bi istripu auto-ilara luzeak eragiten ari da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Lehen ezbeharra 06:00ak aldera gertatu da Andoainen, Gasteizerako noranzkoan. Bi autok talka egin dute eta, ondorioz, bi pertsona eraman dituzte Tolosako Asuncion klinikara.

Lau kilometrora arteko auto-ilarak sortu dira. N-1eko istripuak ondorioak izan ditu A-15eko lotunean, eta puntu horretan ere auto-ilarak sortu dira.

Bigarren istripua 07:40an gertatu da N-1 errepidean, Andoainen, baina Donostiarako noranzkoan. Hiru ibilgailuk talka egin dute eta ezkerreko erreia oztopatu dute. Ondorioz, Tolosara arteko auto-ilarak sortu dira.

Dena den, ez da inor zauritu.