Itxi

Gizartea

OSASUN ETXEA

Zubia: "PCRak eginez gaitza ezin bada kontrolatu, neurri zorrotzagoak behar dira"

EITB.EUS

Osasun Etxeko medikuaren arabera, Nafarroako hainbat lekutan egoera "kontrolpetik kanpo" dago, eta horren aurrean, beste neurri batzuk hartu behar dira, "ezinbestean".

  • Felix Zubia, Donostia Ospitaleko UZIko medikua.

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko UZIko medikua.

COVID-19 kasuak etenik gabe ari dira gora egiten Nafarroan, azken egunotan, eta kutsatze-katea eteteko neurri murriztaile gehiago ezarriko dituzte. Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko medikuaren ustez, neurriak zorroztea beste biderik ez dago, kutsatzeak geldiarazteko. "Gaitza kontrolatzeko gai ez garenean, itxi egin beharra dago", esan du.

Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan nabarmendu duenez, Nafarroan garbi dago "PCR proben eta aztarnalarien bidez bakarrik" egoera ezin dutela "kontrolatu". Horren aurrean, "neurri zorrotzagoak behar dira". Nafarroako agintariengan "konfidantza" baduela esan du, eta hartutako neurriak "egokiak" izango direla. Herritarrei dagokienez, berriz, harremanak murriztearen premian jarri du azpimarra, beste behin, sendagile zarauztarrak.

Asuncion Klinikan izandako agerraldiari buruz ere hitz egin du Zubiak, eta "oso kezkatzekoa" dela esan du. Nondik eta nola etorri den argitu behar dela dio, osasun-zentroetan langileek "protokolo zorrotza jarraitzen dugu eta". "Zorrotz zaindu behar dugu protokoloa osasun-zentroan bertan, eta kanpoan, hori idatzita ez dagoen arren. Osasungileak kutsatze iturri izanez gero, agerraldi handiak etor daitezke", gaineratu du.

Bestalde, negua ate-joka dugun honetan, kezka berezia agertu du "gripea eta COVID-19a elkartuko" direlako. Bien arteko sintomak bereiztea "oso zaila" dela adierazi du, eta, beraz, edozein sintoma atzemanez gero, "PCRa edo test antigenikoa" egitea da "gomendagarriena".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.