Gizartea
KORONABIRUSA
Zubi honetan "autokonfinatzeko" eskatu die herritarrei Nafarroako Gobernuak
E. JAUREGI | EITB.EUS
463 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan eta ezinbesteko jotzen dute egoera iraultzen hastea. Baheketa bereziak egingo dituzte igande honetan Valtierran eta Cadreitan.
Koronabirusaren zabalkundeak oso kezkagarria izaten jarraitzen du Nafarroan. Osasun Sistemak 400 kasu baino gehiago atzeman ditu hirugarren egunez jarraian (463 positibo), eta, hori dela eta, Nafarroako Gobernuak eskari argia egin die herritarrei kasuak gutxitzen hasteko: "Asteburu luze hau autokonfinatuta igaro ezazue, mesedez".
Atzo, 2.588 PCR proba egin zituzten, eta horien % 17,9k positibo eman zuten (Munduko Osasunaren Erakundeak % 5ean ezarri du onargarria denaren langa). Gainera, hiru pertsona hil ziren: 81 urteko emakume bat eta 84 eta 75 urteko bi gizon.
Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak azken egunotako joera irauli beharra dagoela adierazi du eta Pilarreko zubi honetan etxean geratzeko eskatu die nafarrei: "Hiru egun daramatzagu kasu kopuru altua izaten Nafarroan, 400dik gora gabiltza, eta bistakoa denez, kopuru hori jaitsi beharra daukagu, azkar batean, osasun sistema, ekonomia, etorkizuna... baldintzatu baino lehen. Horregatik, asteburu lasaia igarotzeko eskatzen dizuet, ia autokonfinatuta egotea, alegia".
"Gauza asko egin daitezke: irakurri, musika entzun, familiarekin egon, parke zein mendi aldetik paseatu... baina, mesedez, mugikortasuna ahal den gehiena murriztuz. Garrantzitsuena bilerak ekiditea da, beste pertsona batzuekin ez geratzea, bizi ez garen jendearekin ez egotea... Luzea izango den asteburu honetan, izan dezagun kontuan, eta mugatu ditzagun joan-etorriak, ea horrela kasuak gutxitzen hasten garen".
Askorentzat astelehena ere jai izango den asteburu honetan, eguraldi txarra dago iragarrita, eta Gobernua beldur da barruko espazioetan bilduko ote den jendea -errazagoa da kutsatzea-, eta, horregatik, eskari zehatz hori nabarmendu nahi izan dute asteburu honetan.
Kasu gehienak familia eta lagunartean sortzen dira
Eguneroko datuen berri emateko Nafarroako Osasun Departamentuak bidaltzen duen oharrean, kutsatze berriak familia eta lagunarteko topaketetan gertatzen ari direla berretsi du Gobernuak, eta horregatik, harreman sozialak murriztearen beharra azpimarratu dute berriz ere.
Ikuspegi geografikotik, Iruñea eta Iruñerrian atzeman dituzte kasu berrien % 61, Tutera eta inguruetan % 12, eta Lizarraldean % 9.
Adin tarteei dagokienez, 15-29 bitartekoak % 23 izan dira, 45-59 artekoak % 21, 30-44koak %20, 15 urte baino gutxiagokoak % 16, 60-75 artekoak % 12 eta 75etik gorakoak % 8. Kasu berrien batezbesteko adina 39,7 urtekoa da.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo 24 ospitaleratze gehiago izan ziren, horietako 3 Zaintza Berezien Unitatean. Guztira, 256 pertsona daude ospitaleratuta une honetan (bezperan baino 3 gutxiago).
Baheketa bereziak bihar, Valtierran eta Cadreitan
Pandemiaren zabalkundea eragozteko hartutako neurrien artean, baheketa bereziak egingo dituzte bihar Valtierran eta Cadreitan. Intzidentzia tasa dela eta, ezohiko neurriak hartu dituzte azken egunotan herri horietan zein Erriberako beste lautan.
Herri bakoitzean, adin tarte zehatz bateko 300 bizilagun deitu dituzte bihar PCRak egitera: Cadreitan, 40 eta 50 urteko bizilagunak eta Valtierran 25etik 39ra artekoak.