Gizartea
COVID-19
Tolosako Asuncion Klinikak "jarduera murriztu" du 24 positibo baieztatu ondoren
EITB.EUS
Ospitaleko 22 langile eta bi paziente kutsatu dira. Larrialdiak normaltasunez ari dira lanean, eta klinikak ez du jarduera eten.
Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion Klinika paziente berriak Bidasoa Ospitalera desbideratzen ari da, azken orduetan 24 positibo baieztatu ondoren. Larrialdiak normaltasunez ari dira lanean, eta klinikak ez du jarduera eten.
Klinikako iturriek baieztatu dutenez, aste hasieran zenbait langilek positibo eman zuten. Gauzak horrela, klinikako 350 beharginei eta paziente guztiei PCR probak egitea erabaki zuten.
Langileen artean 22 positibo eta pazienteen artean beste bi atzeman dituzte orain arte, klinikak ohar batean jakinarazi duenez.
Egoera kontrolpean dagoela ziurtatzeko helburuarekin, PCR probak modu “sistematikoan” egingo dizkiete profesionalei zein pazienteei zazpi egunik behin, datozen lau asteetan.
Azken orduetan kutsatu berriak zenbatu ondoren, bere “jarduera murrizteko” urriak 12ko zubia aprobetxatzea erabaki du Gipuzkoako klinikak.
Ez dute paziente berririk hartuko, eta ospitaleratzeak Bidasoa Ospitalera desbideratzen ari dira, baina Larrialdiak “normaltasunez” ari dira, eta klinikak ez du jarduera eten.
Bestalde, iturri berdinek zehaztu dutenez, “segurtasunagatik” paziente guztiak logela indibidualetan jarri dituzte dagoeneko. Era berean, kanpoko bisitak debekatzeko neurriari eutsiko zaio.
“Neurri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu ditugu, eta aurreneko kutsatuak atzeman genituenetik lankidetza estua izaten ari da”, azaldu du osasun zentro pribatuak.
Datorren astean erabateko normaltasunera itzultzea espero du klinikak, eta neurriak “behin-behinekoak” direla azpimarratu du.
Olatz Peon Tolosako alkatea "arduratuta" agertu da, baina "lasaitasun mezua" igorri die herritarrei, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. "Herrian transmisio komunitarioa dagoen kezkarik ez" dagoela esan du, eta Asucion Klinikan izandakako kutsatzeen fokua aurkitzea dela lehentasuna azpimarratu du, "katea lehenbailehen eteteko".
Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako 65.000 herritar ingururentzat erreferentziazko ospitalea da Asuncion.
"Azalpenak berehala" emateko eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari
Klinikako egoeraren inguruan azalpenak ematea eskatu dio Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari.
Besteak beste, pertsonaren bat “ospitaleratu behar bada, Irungo Ospitalera desbideratuko dute, nahiz eta Donostia Ospitalea hurbilago egon eta Tolosaldeako erreferentziazko ospitalea izan, Asuncion klinikarekin hitzarmena sinatu arte”, ohartarazi du koalizioak ohar batean.
Iriarteren hitzetan, azalpen ofizialik ez ematea “oso larria” da. Zentzu horretan, “klinikaren eta Osasun Sailaren gardentasun falta”, deitoratu du.
“Gertatutakoa harritzekoa eta larria da, eta eskualdeko biztanleentzako ondorio negatiboak ditu; izan ere, eskainiko zaien osasun arreta kaskarragoa izango da. Ondorioz, Jaurlaritzak azalpenak berehala eman behar ditu”, erantsi duenez.
Iriarteren ahotan, “klinikaren benetako egoera zein den eta Tolosaldean osasun arreta egokia bermatzeko zer pauso emango dituen argitu behar du Osasun Sailak”.
“Ez hori bakarrik, akatsak ikertu eta argitu behar ditu. Ospitaleetan bete beharreko protokolok oso zorrotzak dira; ondorioz, klinika horretan zerbait gaizki egin dutela pentsatzea ez da zentzugabea, eta horrela baldin bada, erantzukizunak garbitu beharko dira”, gaineratu du.