Itxi

Gizartea

Txertaketa kanpaina

Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 13an hasiko da, berrikuntza ugarirekin

EITB.EUS

Lehen aldiz, Osakidetzak emango die hitzordua arrisku taldekoei. Horrez gain, 300 txertaketa-gune paratu dituzte. Urriaren 31tik aurrera, hala eskatzen duten gainerako herritarrak txertatuko dituzte.

1:25
Gripearen aurkako txertaketa kanpainaren hiru faseak. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

2020/2021eko gripearen aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 13an hasiko da Euskadin, berrikuntza ugarirekin, koronabirusa dela eta. Hilaren 13an modu orokortuan hasiko da kanpaina. Aurrez, adinekoen egoitzetako egoiliarrei eta osasun- eta gizarte-langileei eman diete txertoa.

Lehen aldiz, Osakidetzak berak emango die hitzordua arrisku taldekoei (65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdunei). Horrez gain, anbulatorioetatik kanpo hainbat txertaketa-gune paratu dituzte: guztira, 300 bat, herena Osakidetzako saretik kanpo. Arrisku taldekoak izan ez baina txertoa jaso nahi duten herritarrek hala eskatu ahalko dute urriaren 31tik aurrera. Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute dagokien osasun-zentroan.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurkeztu du kanpaina, "Aurten, inoiz ez bezala, gripetik alde egin!" lelopean, eta azaldu du, aurten, koronabirusa tarteko, osasun arloko profesionalak eta biztanleria babesteko ahalegin berezia egin dutela.

Txertaketa, hiru fasetan

Osasun Sailak bi milioi euro inbertitu ditu 558.000 dosi eskuragarri izateko, iaz baino heren bat gehiago. Txertaketa-denboraldia hiru bloketan antolatu da: lehen fasean, urriaren 5ean abiatu zena, egoitzetako pertsonei eta osasun- eta gizarte-langileei eman zaie txertoa. Bigarren fasean, urriaren 13tik aurrera, Osakidetzak berak arrisku taldeetako pertsonei txertoa jartzeko hitzordua emango die. Azkenik, hirugarren fasean, hilaren 31tik aurrera, txertoa hartu ez duten gainerako herritarrek hitzordua eskatu ahalko dute dagokien osasun-zentroan eta txertoa jasoko dute data horretatik aurrera.

Ildo horretan, sailburuak herritarren elkarlana eskatu du Osakidetzako oharrei jarraitzeko, baita "pazientzia" ere. Izan ere, nahikoa denbora dago datozen asteotan txertoa jartzeko.

300 txertaketa-gune

Era berean, Osakidetzak txertoa jartzeko leku bereziak jartzea erabaki du. Guztira 300 gune daude, eta, aurten, nobedadea da gune horietako herena Osakidetzako saretik kanpoko lekuetan gaitu dela. Besteak beste, kiroldegiak, karpak eta jubilatuen etxeak atondu dira.

Helburua da arrisku taldekoak anbulatorioetara ez joatea, kutsatzeak saihesteko.

Sagardui, kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Sagarduik adierazi duenez, bi txerto motako 558.000 dosi eskuratu dituzte. "Oso zaila da jakitea zenbat dosi beharko ditugun. Gehiago behar baditugu, baliabideak jarriko ditugu", erantsi du.

Osasun sailburuaren hitzetan, aurten "ezinezkoa da zehaztea noiz helduko den gripea" eta zelako eragina izango duen. Dena dela, hego hemisferioan aurreko urteetan baino eragin gutxiago izan du.

Hori gorabehera, txertoa hartzearen garrantzia azpimarratu du Sagarduik, eta iazko txertaketa-kanpainaren tasak gogorarazi ditu:  65 urteko edo gehiagoko pertsonen %  58,8k hartu zuen txertoa; adinekoen egoitzetako langileen %  95,5ak; haurdunen % 44,3ak, eta Osakidetzako langileen % 37,4ak.