Itxi

Gizartea

Nafarroa

Osasun eta gizarte langileek emandako arreta eredu baten alde egin du Indurainek

Agentziak | Erredakzioa

Tafallan ezarrita dago eredu integral hori, eta Lizarrara eta Tuterara zabaldu nahi dute. Osasun kontseilariaren ustez, arreta gertuagokoa eta ordutegia zabalagoa da.

  • Indurain, Chiviterekin hitz egiten, gaur Parlamentuan.

    Indurain, Chiviterekin hitz egiten, Parlamentuan. Argazkia: EFE

COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko eta herritarrei "autonomia, independentzia eta bizi kalitate handiagoa" eskaintzeko arreta eredua aldatu behar dela uste du Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak, eta bide horretan, osasun eta gizarte langileek elkarrekin eta modu integralean emandako arreta ereduaren alde egin du.

Indurainek estrategia aldaketa hori zertan datzan azaldu du gaur Parlamentuan, Cristina Ibarrola Navarra Sumako parlamentariak egindako galdera bati erantzunez. Osasun kontseilariak azaldu du eredu berri hori Tafallan ezarri dutela jada, eta laster Lizarra eta Tuteran ere jartzeko asmoa dutela.

Kontseilariaren esanetan, "gizarte eta osasun langileek elkarrekin lan egitea da gakoa, adinekoek dituzten arazo gehienek bi arlo horiekin lotura dutelako". Horrez gain, eredu horrekin eskaintzen den arreta gertuagokoa da, ordutegi zabalagoarekin.

Osasun arduradunak nabarmendu duenez, lantalde horiek arreta pertsonalizatzen dute, gaixoa modu integral eta bateratuan artatzeko: "Eraginkorragoak gara horrela, lankidetza espazioak sortzen ditugu eta komunitateak parte hartzen du osasuna eta ongizatea lortzeko prozesuan".

Indurainek azaldu du, COVID-19a tarteko, Osasun eta Gizarte Eskubideen Kontseilaritzek lantaldea osatu dutela, arreta soziosanitarioan parte hartzen duten agente guztiak koordinatzeko eta desgaitasunen bat duten pertsonak, adinekoak eta egoera zaurgarrian daudenak artatzeko prozedurak garatzeko.

NA+ ez beste taldeek aintzat hartu dute eredu aldaketa.