Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Justiziak atzera bota du Madril ixteko agindua oinarrizko eskubideei eragiten dielako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Isabel Diaz Ayusok COVID-19aren aurkako neurriak adosteko eskua luzatu dio Pedro Sanchezi, eta Madriletik ez ateratzeko deia egin die herritarrei, orain mugikortasuna baimenduta badago ere.

  • Madrilgo errepidea.

    Madrilgo errepidea. Artxiboko irudia: EFE

Gaur kaleratutako auto batean, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak ukatu egin du Madrilgo Autonomia Erkidegoko Osasun Departamentuak hartutako neurriak berrestea. Neurri horien bidez, prebentzio-neurriak ezartzen dira lurralde horretako udalerri batzuetan, Espainiako Gobernuaren Osasun ministroak osasun publikoan jarduketa koordinatuak onartzeko kaleratutako agindua betez.

Magistratuek auto batean zehaztu dutenez, "aztertu zen lege-esparruaren oso bestelakoa da, osasun arloko neurriak berrestearekin batera, irailaren 24koa eta urriaren 1ekoa".

Era berean, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gobernuaren abokatuak berak aitortu duenez, oraingoan "Osasun ministroaren nahitaezko agindua berrestea" eskatu du, "SARS-CoV-2k eragindako infekzioak kontrolik gabe transmititzeagatik arrisku bereziko egoeren aurrean erantzuteko osasun publikoan jarduketa koordinatuen deklarazioa onartzen duena".

"Osasun ministroaren agindu hau Estatuko Osasun Sistemaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko 16/2003 Legearen 65. artikuluaren babesean eman da. Horren arabera, Osasun ministroak onartu egiten du Espainiako Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluak onartutako osasun publikoko jarduera koordinatuen adierazpena, eta, ondorioz, autonomia erkidego hartzaileak behartu egiten ditu ", adierazi du Auzitegi Nagusiak.

Ebazpenak argitu duenez, legearen 65. artikuluak Espainiako Osasun Sistema Lurralde arteko Kontseiluaren erabakia eta 2020ko irailaren 30eko Agindua aipatzen ditu, erabaki horren aipamenean eta jakinarazitako aginduaren jaulkipenean baliatutako administrazio-ahala gaitzen duen legezko titulu bakar gisa. Agindu hori Madrilgo Erkidegoak betearazten du.

Ayusok eskua luzatu dio Sanchezi, eta Madriletik ez irteteko deia egin du

Auzitegiaren erabakiaren berri izan ostean, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak eskua luzatu dio Pedro Sanchezi, koronabirusaren hedapena gelditzeko "zentzuzko neurri justuak" adosteko.

Ayusok erantsi du adostutako neurri horiek ostiral honetan indarrean egotea dela bere helburua.   

Horrez gain, Espainiako Osasun Ministerioak Madrilen ezarritako neurrien kontra Auzitegi Nazionalean aurkeztu zituen helegiteak erretiratuko dituela iragarri du, "herritarrei nahasmen gehiagorik ez eragiteko".

Halaber, eta orain mugikortasuna baimenduta badago ere, Ayusok Madriletik ez ateratzeko eta prebentzio neurriak zorrotz betetzeko deia egin die herritarrei.

Sanchez, elkarlanean aritzeko prest

Salvador Illa Osasun ministroak gogorarazi duenez, Auzitegi goren batek oinarrizko eskubideak mugatzeko neurriak berresten ez dituen lehen aldia ez da, eta jarrera judizial horren arabera erantzuteko edo jokatzeko modua bilatuko duela ziurtatu du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ostegun honetan adierazi duenez, berriz, beharrezkoa da "tresna eta neurri guztiak mahai gainean jartzea", pandemiaren bilakaera "kezkagarria" dela iritzita, baina alarma-egoera deklaratzea baztertu barik.

Sanchezek "lankidetzarik handiena" eskaini dio Madrilgo Gobernuari, bere eskumenak errespetatuz, baina erabakiak "irizpide zientifiko eta teknikoetan" eta osasun egoeraren larritasunarekiko "proportzionalak" diren neurrietan oinarrituta.

"Kezkagarritzat jotzen dugu pandemiaren bilakaera, eta, ondorioz, tresna eta neurri guztiak mahai gainean jarri behar ditugu bihurgunea gainditzeko", esan du Sanchezek Aljerren emandako prentsaurrekoan, Gobernuak alarma egoera edo bestelako ekintzaren bat ezarri nahi duen galdetuta.

Alarma-egoera berriro adostea posible ote den galdetuta, Sanchezek gogorarazi du pandemiaren hasieran erabili zuten mekanismoa izan zela eta "oso eraginkorra" izan zela birusaren hedapena kontrolatzeko.