Itxi

Gizartea

Topoa

Donostialdeko Metroaren inaugurazioa 2024ra atzeratu dute

Agentziak | Erredakzioa

Iñaki Arriola sailburuak esan du Mirakontxa-Easo tartean sortutako arazoak konpontzeak % 50 eta % 70 artean garestitu lezakeela azpiegituraren kostua.

  • Donostialdeko topoaren lanak.

    Donostialdeko topoaren lanak. Argazkia: EFE

Donostialdeko Metroa ez da iragarritako urtean, 2022an, martxan egongo, eta 2024ko bigarren seihilekoan inauguratuko dute. Hala iragarri du gaur Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak. Mirakontxa-Easo tartean arazoak sortu ziren ekainean, eta horiek konpontzeak eragingo du atzerapena. Horrez gain, nabarmen garestituko ditu lanak: hasieran iragarritakoa (53,2 milioi euro) baino % 50-70 gehiago.

Arriola lanak ikusten izan da gaur, Pedro Marco Garraio sailburuordearekin, Ernesto Martinez de Cabrero ETSko zuzendari nagusiarekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera. Bisitan, Topoaren trenbide saihesbidearen lanak amaitzeko "konpromisoa" berretsi du Arriolak.

Sailburuak gogorarazi duenez, irailean ura eta harea agertzen hasi ziren eremu horretan, eta arazo hori konpontzeko teknika berriak erabili behar izan zituzten. Lanok kontratazio legeak baimentzen duena baino kostu handiagoa zekarren aurrekontuan, eta, hori dela eta, adjudikazioa bertan behera uztea erabaki zuen ETSk.

Arriolak azaldu du arazoak "400 metro eskaseko sektore batean" agertu direla, eta erantsi du saihesbideko 6,9 kilometroko tunelen eta galerien % 90 dagoeneko hondeaturik dagoela. Kontxako hondartza inguruan lurra finkatzeko mortero-esne injekzioak aplikatzen ari dira.

"Izaera geologikoa zuten arazoak", argitu du. Hori guztia konpontzeak ekar lezakeen gainkostuaz galdetuta sailburuak esan duenez, ondo aztertu beharreko kontua da, baina litekeena da "% 50 eta % 70 artean garestitzea".

Adjudikazioa, maiatzean

Dena dela, sailburuak azpimarratu du lanean jarraituko dutela, eta lan berrien proiektua "urte amaiera baino lehen" prest egotea espero duela, adjudikazioa maiatzean egin ahal izateko.

Bien bitartean, San Martin eta Easo kaleen eremuan lanean jarraituko dutela nabarmen du: "Obrak ez daude geldirik, eta lanean jarraituko dugu ahalik eta lasterren amaitzeko".

Saihesbidearen gainerako lanak, hirigunean egin behar dituzten hiru geltokienak barne, "martxa onean" doazela adierazi du Arriolak.