Itxi

Gizartea

Golardoa

Bi emakumeri eman diete Kimikako Nobel saria "bizitzaren genoma" berridazteagatik

Agentziak | Erredakzioa

Emmanuelle Charpientier frantsesa eta Jennifer Doudna estatubatuarrak dira saridunak, CRISPR-Cas9 artazi genetikoen aurkitzaileentzat. Guraizeekin animalien eta landareen DNA alda dezakete.

1:34
Emmanuelle Charpientier frantsesa eta Jennifer Doudna estatubatuarrak

Bi emakumezkori egokitu zaie aurten Kimikako Nobel saria: Emmanuelle Charpientier eta Jennifer Doudna. Bi zientzialariak "bizitzaren genoma" berridazteagatik eta "genoma editatzeko metodoa garatzeagatik" saritu nahi izan ditu Suediako Zientzien Akademiak.

Akademiak nabarmendu duenez, bi zientzialariek "teknologia genetikoaren erreminta zorrotzenetarikoak" aurkitu dituzte: CRISPR-Cas9 artazi genetikoak. Guraizeokin animalien, landareen eta mikroorganismoen DNA alda daiteke doitasun handiarekin.

Erreminta horrek "bizitza molekularraren zientzian iraultza ekarri du, fitohobekuntzan aukera berriak eskainiko ditu, minbiziaren kontrako terapia berritzaileei lagunduko die eta errealitate bihur lezake herentziazko gaixotasunak sendatzeko ametsa", azpimarratu du Akademiak.

Charpentier (Juvisy-sur-Orge, Frantzia, 1968), biokimikaria eta birusean espezializatutako mikrobiologoa da. Terapia genetikoen alorrean sona handia lortu du, eta 2002tik bere lantaldea du. Austriako eta Alemaniako hainbat unibertsitateetarako lan egin du.

Doudna (Washington D.C., AEB, 1964), Kimika Biologikoan eta Farmakologi Molekularrean doktorea Harvardeko Unibertsitatean, Berkeley Unibertsitatean irakaslea eta Biokimika, Biofizika eta Biologia Estrukturaleko Unitateko burua da.

Orain arte, bost emakumezkok bakarrik jaso dute saria

Hala, 1901etik Kimikako Nobel sari hori irabazi duten bost emakumezkoen izen-abizenei batuko zaizkie Charpientier frantsesarena eta Doudna estatubatuarrarena ere.

Aurrez, Fisikako eta Medikuntzako Nobel saridunen izenak jakinarazi ditu Akademiak.