Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Osakidetzak PCR proba masiboak abiatu ditu Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Asteazken arratsaldean hasi dira probak egiten Azkoitian. Gasteizko Sansomendi auzoan, berriz, ostegunetik aurrera egingo dituzte. Asintomatikoen kopurua aztertzeko prebentziozko baheketak dira.

2:7
PCR probak egiten ari dira Azkoitiko frontoian. Argazkia: EFE

Osakidetza asteazken honetan hasiko da PCR proba masiboak egiten 17 eta 60 urte bitarteko herritarrei, Azkoitian, eta ostegunean hasiko da proba egiten Gasteizko Sansomendi auzoan. Asintomatikoen kopurua eta beste parametro batzuk aztertzeko prebentziozko baheketak dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak PCR proba egitera deitu dituzte 17 eta 60 urte bitarteko Azkoitiko bizilagun guztiak. COVID-19aren pandemia kontrolatzeko egiten ari diren zaintza neurrien baitan egin dute deialdia.

PCR proba egin nahi duten herritar guztiek hitzordua hartu beharko dute aurretik, Azkoitiko osasun-zentrora edo 943 00 76 10 / 900 203 050 telefono-zenbakietara deituta. Behin txandak emanda, Azkoitiko Gurea frontoian egingo dituzte probak asteazkenetik aurrera.

Euskal Osasun Zerbitzuak Gasteizko Sansomendi auzoko 17 eta 60 urte bitarteko bizilagunei ere PCR proba egitera joateko deia egin die. Baheketa bihar, osteguna, arratsaldean hasiko da Arabako Unibertsitate Ospitalean (AUO).

Herritarrek hitzordua eskatu beharko dute auzoko osasun-zentroan eta Osasun Kontseiluaren telefonoan, eta, ostegunetik datorren astelehenera arte, aurrez hitzordua eskatu gabe ere joan ahalko dira Arabako Unibertsitate Ospitalera (AUO). Sansomendik 20.000 bizilagun inguru ditu.

Bi kasuetan, emaitzak SMS bidez bidaliko dizkiete, Euskal Osasun Zerbitzuak zehaztu duenez.

Azkoitia eta Sansomendi aukeratzeko irizpideak

Bestalde, Ignacio Garitano Osasun Saileko Kontrol eta Zaintza Programako eta Osakidetzako koordinatzaileak azaldu duenez, azken 14 egunetan positibo tasarik handienak bi toki horietan detektatu dituztelako erabaki dute test prebentiboak Azkoitian eta Sansomendin egitea.  

Probak 17 eta 60 urte arteko herritarrei zuzenduta egoteari dagokionez, Garitanok zehaztu du kasu positibo gehienak adin tarte horretan ematen ari direla.

Baheketa selektiboen helburua sintomarik ez duten, baina COVID-19arekin gaixorik dauden pertsonak identifikatzea eta kutsatze kateak "ahalik eta azkarren" etetea dela azpimarratu du.  

Horrela, bada, Azkoitiko eta Sansomendiko bizilagunei PCR proba egiteko deia luzatu die.

BIDEOA | Gasteizko Sansomendi auzoan ostegunetik aurrera egingo dituzte PCR probak

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.