Gizartea
Koronabirusa
Hildakoen kopuruak behera egiten jarraitzen du Euskadin: 36 izan dira azken astean
eitb.eus
Euskadik 428 kutsatu berri (92 gehiago) atzeman ditu astearte honetan, baina kutsatze portzentajea % 4,2ra jaitsi da. Nafarroak, berriz, hiru hildako eta 253 kasu zenbatu ditu.
Euskadik 36 hildako zenbatu ditu azken astean eta 428 kutsatu berri (92 gehiago) atzeman ditu astearte honetan egindako 10.022 PCR probetan. Gainera, azken 24 orduetan 31 pertsona ospitaleratu dituzte eta 51 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan.
Asteartean egindako PCR proben % 4,2 positiboak izan ziren, asteleheneko % 4,5a baino gutxiago; izan ere, 336 positibo atzeman zituzten astelehenean eta proba gutxiago (7.424 PCR) egin ziren, Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Bestalde, irailaren 28tik urriaren 4ra arteko astean metatutako datuak aztertu ondoren, ondoriozta daiteke 36 heriotza (aurreko astean baino 10 gutxiago) izan direla.
Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak 184 kasu berri gehitu ditu (aurreko egunean 168 izan ziren), Gipuzkoan 180 positibo berri erregistratu dituzte (astelehenean 112), eta Arabak 58 positibo berri atzeman ditu (aurreko egunean 52). Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren sei pertsonek positibo eman dute, igandean bezainbeste.
Gasteizek 42 kutsatze berri diagnostikatu ditu, aurreko egunean baino 6 gutxiago; Bilbok 36 (astelehenean 50) eta Donostiak 39 (bezperan 20). Barakaldok 21 kutsatu atzeman ditu eta Portugaletek 19.
Gipuzkoan, hiriburuan erregistratutakoez gain, Errenteriako 17 kasuak eta Tolosako 14 kasuak nabarmentzen dira.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak, pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen zehazten duen indizea, R0, 1etik behera mantentzen da, nahiz eta apur bat igo den, 0,97ra, aurreko 0,95aren aldean.
Adinaren arabera, kutsatutako 428 pertsonetatik 95ek 20 urte baino gutxiago zituzten eta beste 76k 40 eta 49 urte bitartean.
Euskadiko ikastetxeen egoerari dagokionez, bat bera ere ez dute itxi behar izan, baina 102 gela (guztien % 0,58) itxita daude, astearte honetan baino bat gutxiago.
Nafarroako egoera
Foru Erkidegoak 253 kasu positibo berri erregistratu ditu astearte honetan, 3.165 PCR proba egin ostean, eta horrek % 8ko positibotasuna adierazten du. Gainera, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera, 3 pertsona hil dira, 83 eta 88 urteko bi gizon eta 84 urteko emakume bat.
Joan den astean 20 pertsona hil ziren COVID-19aren ondorioz, eta aurreko astean 15. Azken bi asteetan hildakoen batez besteko adina 86,6 urtekoa izan da. Zehazki, hildakoetatik 10, 80 eta 89 urte artekoak ziren; 8, 90 urtetik gorakoak, eta 2, 64 eta 79 urte bitartekoak. Sexuari dagokionez, 11 emakume eta 9 gizon ziren.
Nafarroako osasun-sare integratua, ospitaleratzeen eta alten balantzea egin ondoren, 246 paziente hartzen ari da ospitaleetan hainbat ospitaleratze modalitateren bidez. Zainketa intentsiboen unitatean 25 pertsona daude ospitaleratuta.
Ikuspegi geografikotik, Iruñean eta Eskualdean erregistratu ziren positiboen % 60, Tuterako Eremuan % 19 eta Lizarran % 7. Gainerako positiboak (% 14) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Adin-tarteei dagokienez, atzokoan 15-29 urtekoen taldea izan zen nagusi, % 21ekin; ondoren, 45-59 urtekoen taldea, % 20rekin; eta, ondoren, 30-44 urtekoen taldea, % 19rekin. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea, % 15ekin; 15 urtetik beherakoak, % 14rekin eta 75 urtetik gorakoak, % 11rekin. Kasu berrien batez besteko adina 44 urtekoa da.
Generoari dagokionez, % 43 gizonak dira eta % 57 emakumeak.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 19.989 pertsona kutsatu dira guztira.
Osasun sailburuak prentsaurrekoan adierazi duenez, "esfortzu handia egin ondoren, lautada egoeran gaude", egunero 300 koronabirus kasu daude eta ospitalean okupazio "egonkorra" da.
Indurainek azaldu duenez, "zenbaki eta tasa handiak dira oraindik" eta "jaisteko itxaropena dugu".
Ildo horretan, Foru Gobernuko Osasun Departamentuak COVID-19aren pandemiaren harira Nafarroa osorako indarrean dagoen araudia beste astebetez mantentzea erabaki du, baita Azkoien, Funes eta Faltzesentzako murrizketa bereziak ere, eta "jomugan" daude beste herri batzuk, batez ere Erribera ingurukoak.
Estatuko egoera
Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak zehaztu duenez, Estatuan 10.491 kutsatze berri eman dira azken egunean (horietako % 46, Madrilen). Horrenbestez, guztira 835.901 pertsonak izan dute koronabirusa pandemiaren hasieratik, eta 32.562 hil dira (atzo baino 76 gehiago).
Erkidegoen artean, Madrilek izan du kutsatze berrien kopuru handiena (2.853 atzoko datuekin alderatuta, eta 2.325 azken 24 orduetan). Ondoren Andaluzia (473 kasu berri), Aragoi (395) eta Nafarroa (253) daude.
Batez beste, 257,46 pertsona kutsatu dira azken 14 egunetan 100.000 biztanleko, hau da, atzo baino 16 puntu txikiagoa da tasa.
Pilaketa tasa handiena Nafarroak du (648,41), eta ondoren hauek daude: Madril (591,16), Errioxa (393,94), Gaztela eta Leon (381,61) eta Gaztela-Mantxa (371,74).