Itxi

Gizartea

Gripea

Horrelakoa izango da gripearen aurkako kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

EITB.EUS

Osasun zentroak jarriko dira harremanetan arrisku taldekoekin (65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak eta haurdunak) hitzordua jartzeko eta, beraz, ez dute telefonoz deitu beharko.

  • Gripearen aurkako txertoa jarri diote emakume bati Gasteizko erresidentzia batean.

    Gripearen aurkako txertoa jarri diote emakume bati Gasteizko erresidentzia batean. Argazkia: EFE

Gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina urriaren 13an hasiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (aurrez, adinekoen egoitzetako egoiliarrei, osasun eta gizarte langileei eman diete txertoa), koronabirusaren pandemia indarrean dagoela.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak arriskuan dauden herritarren % 75ek txertoa jartzea du helburu, eta hitzordua eskatzeko sistema aldatuko duela iragarri du.

Lehen aldiz, Osakidetzak berak emango die hitzordua arrisku taldekoei (65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdunei). Horrez gain, anbulatorioetatik kanpo hainbat txertaketa-gune paratu dituzte: guztira, 300 bat, herena Osakidetzako saretik kanpo. Azkenik, arrisku taldekoak izan ez, baina txertoa jaso nahi duten herritarrek hala eskatu ahalko dute urriaren 31tik aurrera. Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute dagokien osasun-zentroan.

Halaber, hainbat herri eta hiritan eremu publikoak prestatuko dituzte txertaketa zentro moduan erabiltzeko eta osasun zentroetan jende pilaketak ekiditeko.  

Osakidetzak 558.000 txerto erosi ditu, iaz baino 138.000 unitate gehiago.

Txertatzea ez da derrigorrezkoa, baina aurten osasun agintariek bereziki gomendatzen dute, batez ere arriskuan dauden pertsonen kasuan, gripeak COVID-19aren pandemiarekin bat egingo duelako.

Hiru fase

Txertaketa denboraldia hiru bloketan antolatu da: lehen fasean, urriaren 5ean abiatu zena, egoitzetako pertsonei eta osasun eta gizarte langileei eman zaie txertoa. Bigarren fasean, urriaren 13tik aurrera, Osakidetzak berak arrisku-taldeetako pertsonei txertoa jartzeko hitzordua emango die.

Azkenik, hirugarren fasea, hilaren 31tik aurrera, txertoa hartu duten gainerako herritarrek hitzordua eskatu ahalko dute dagokien osasun-zentroan eta txertoa jasoko dute data horretatik aurrera.

BIDEOA | Zein termometro mota da fidagarriena?