Itxi

Gizartea

Osasuna

Gripea eta COVID-19a: Nola desberdindu sintomak?

LUZIA ZUGADI | EiTB.EUS

Birus batek eragiten ditu biak. Bata zein bestea arnasbidetik transmititzen dira, eta sukarra, eztula eta nekea eragiten dituzte.

  • Gripea eta COVID-19a: Nola desberdindu sintomak?

    Gripea eta COVID-19a: Nola desberdindu sintomak?

Gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpainak astelehen honetan, urriaren 5ean, hasi dira Nafarroako Foru Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen egoitzetan eta osasun langileen artean. Modu orokorrean, baina, urriaren 13an abiatuko dute kanpaina EAEn.

Txertoa ez da derrigorrezkoa, baina aurten txertatzea gomendatu dute agintariek, bereziki arrisku handiagoa duten pertsonei, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta.

Horri buruz eta bi patologien arteko desberdintasunen inguruan jarduteko, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslearengana (Derio, Bizkaia, 1968) jo dugu.

Gripearen eta COVID-19aren sintomen arteko desberdintasunak

Birus batean dute jatorria bi patologiek. Bata zein bestea arnasbidetik transmititzen dira, eta sukarra, eztula eta nekea eragiten dituzte.

Gripearen kasuan, sukarra altuagoa izan ohi da (38 gradutik gorakoa). COVID-19ak, aldiz, ez du zertan sukarrik eragin behar.

Biek ala biek eztul lehorra sorrarazten dute, baina nekea nabarmenagoa da gripe kasuetan, askotan COVID-19ak ez baitu sintomarik eragiten.

Nabarmentzekoa da, halaber, COVID-19arekin kutsatutako pertsonen artean ohikoa dela usaimena eta dastamena galtzea; ez, ostera, gripearekin kutsatutakoen artean.

Gripea: Birusa inkubatu eta 2-3 egunera iristen dira sintomak, eta aldi berean ematen dira sukarra, eztula eta nekea.

COVID-19a: Sintomak modu mailakatuan heltzen dira, birusa inkubatu eta 5-6 egunera.

Sintomak Covid-19a Gripea
Sukarra Bai Bai
Eztula Gehienetan Bai
Nekea Bai Bai
Dastamena eta usaimenaren galera Bai Ez
Mukiak Ez Ez
Giharretako mina Bai Bai
Eztarriko mina Bai Oso gutxitan
Eztarriko azkura Oso gutxitan Oso gutxitan
Buruko mina Bai Bai
Beherakoa Bai Bai
Arnasteko arazoak Bai Batzuetan
Sintoma progresiboak Sintomak aldi berean

Zenbat irauten du bakoitzak?

Bestelako konplikaziorik izan ezean, gripeak astebete irauten du. COVID-19aren iraupena kalkulatzea ez da horren erraza, gaixoaren arabera sintomak arinak ala larriak izan baitaitezke.

Gripea: Astebete

COVID-19a: Aldakorra

Tratamendua

Ez dago berariazko tratamendurik, ez gripearentzat, ezta COVID-19arentzat ere. Hain zuzen ere, birus horiek eragindako sintomak artatzen dituzte osasun langileek, kasu larrienetan ospitaleetan, botika espezifiko batzuk erabili ohi dituzte, horien eraginkortasuna oso handia ez bada ere.

Sukarra jaisteko, antipiretikoak (Paracetamol), likido asko edatea eta atseden hartzea izan ohi dira sendabide onenak.

Nola gutxitu kutsatzeak?

Musukoak kutsatze-maila gutxitu dezake bi kasuetan, baita higieneak ere. Eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea eta distantzia gordetzea baliagarri dira kutsatzerik gerta ez dadin.

Zein da kutsakorragoa?

Dela batean, dela bestean, kutsagarritasuna handia da. Dena den, COVID-19ak kutsatze-maila altuagoa dauka, jende gutxiagok duelako birus horrekiko immunitatea; alegia, gripearekin ez bezala, "ez dugulako oroimenik".

Gripea: Umeek oso erraz kutsatzen dute.

COVID-19a: Zenbait ikerketek erakutsi dute umeak ez direla gaitzaren kutsatzaile nagusiak.

Nola kutsatzen gara?

Bata zein bestea, airearen eta listu tanta txikien bidez zabaltzen da; hots, eztul egitean, hitz egitean edota doministikuen bidez.

Horregatik, garrantzitsua da kutsatutako tantatxo horiek ukitu ostean ez eramatea eskuak begietara, sudurrera edo ahora.

Bestalde, transmisio bidez soilik kutsa gaitezke. Hau da, hoztu arren, ezinezkoa da bi gaitz horietako batekin kutsatzea, hotzeriekin gertatzen den bezala.

Elikadurak eta defentsek eragina dute kutsatzeko orduan?

Defentsa altuagoak izateak ez gaitu kutsatzetik salbuesten, baina gure gorputzak hobeto erantzun dezake birusaren aurrean. Tabakoak, adibidez, defentsak ahultzen ditu, elikadura on baten kontrara; izan ere, elikadura osasuntsu batek sintomak arintzen lagun dezake.

Nori komeni zaio gripearen aurkako txertoa jartzea?

Gripearen aurkako txertoa edozein pertsonarentzat da gomendagarria, txertoa jartzeko orduan talde zaurgarrienak lehenesten badituzte ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.