Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Indurainek dio Nafarroan kutsatzeak "pixka bat" egonkortu direla

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pandemiaren bilakaerarekin lotutako "datu fidagarriak" izateak duen garrantzia azpimarratu du, Nafarroan bizi duten egoera "korapilatsua, makala eta konplexua" dela adierazi ondoren.

  • Indurainek dio Nafarroan kutsatzeak "pixka bat" egonkortu direla

    Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria. Argazkia: EFE

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak "zuhurtziaz eta kontu handiz" esan du Foru Erkidegoan "pixka bat" egonkortu direla COVID-19 kutsatzeak.

Gripearen txertoa jartzera joan da astelehen honetan Indurain. Osasun-zentrora heldutakoan kazetariei adierazi dienez, Nafarroako Gobernua ez da "alderdien arteko gatazketan" parte hartzearen aldekoa, "gisa horretako ika-mikek ez dietelako herritarrei mesederik egiten, are gehiago, ordezkariengan konfiantza galtzea ekar lezaketelako".

Horregatik, pandemiaren bilakaerarekin lotutako "datu fidagarriak" izateak daukan garrantzia azpimarratu du, Nafarroan bizi duten egoera "korapilatsua, makala eta konplexua" dela adierazi ondoren.

Nolanahi dela, berretsi du egoerak hobera egin duela nolabait. "Iragan astean % 20 jaitsi ziren kutsatzeak", gaineratu du.

100.000 biztanleko 500 kasutik gora daudela gogora ekarri ostean, Indurainek azaldu du pandemiaren bilakaerak "olatu" itxura duela, alegia, gorabeherak dituela. Izan ere, duela bi igande 366 kasu zenbatu zituzten; aurreko larunbatean, berriz, 276.

Dena dela, Indurainek onartu du egunean 300 kasu berri inguru izatea kezkagarria dela. "Ez du zerikusirik martxoan edo apirilean bizi izan genuen egoerarekin, baina argi dago kutsatze kopuruak behera egin behar duela", nabarmendu du.

Nafarroan PCR positiboen kopurua ez da % 10era iristen. Horrek esan nahi du ez dela Espainiako estatuko batezbestekora heltzen. Igandetik igandera zenbatuta, PCR proben % 9,1 izan dira kasu positiboak, eta astelehenetik astelehenera PCR proben % 9,3.

Bestalde, ospitaleratze kopuruak ez du gora egin (220 pertsona daude ospitalean).