Gizartea
Koronabirusa
Eusko Jaurlaritzak ez du neurri murritzaile gehiagorik hartuko, oraingoz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasun Sailak ziurtatu du pandemiaren joera beherakoa dela eta baieztatu du Osakidetza proba antigenikoak eta listu-testak egiteko aukera aztertzen ari dela.
Eusko Jaurlaritzak pandemiaren bilakaera aztertzeko bilera egin du eta oraingoz neurri murriztaile gehiagorik ez hartzea erabaki du. Hala, COVID-19ari aurre egiteko indarrean dauden ohiko prebentzio neurriak betetzen jarraitzeko deia egin du.
Batzarra Iñigo Urkullu lehendakariak zuzendu du, eta ondoren Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du.
Sailburuaren esanetan, pandemiaren eragina eta PCR proben bidez detektatutako kasu positiboen kopurua beheraka egiten ari dira, "astiro bada ere".
Azkeneko datuen arabera, 300 pertsona daude ospitalean koronabirusak jota, eta horietako 56 zaintza intentsiboko unitateetan (ZIU) daude. Sagarduik azpimarratu du ZIUn 620 ohe prestatzeko moduan daudela eta ez direla bigarren fasera pasatu behar izan.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzaren estrategiak orain arteko bera izaten jarraitzen duela esan du: birusaren detekzio goiztiarra eta prebentzio neurri eta indibidualak betetzea (musukoa erabiltzea, eskuak garbitzea eta segurtasun-tartea mantentzea). Ildo horretan, gogora ekarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baieztatutako positiboen erdia sintomarik gabeko pertsonak zirela.
Gripea eta koronabirusa
Horrez gain, Sagarduik esan du goizegi dela Gabonetan zein egoera eman daitekeen aurreikusteko eta, ondorioz, erabakiak pandemiaren bilakaeraren arabera hartuko dituztela berretsi du.
Koronabirusa detektatzeko proben harira, baieztatu du Osakidetza proba antigenikoak eta listu-testak egiteko aukera aztertzen ari dela.
Bestalde, gripeak datozen hilabeteetan izan dezakeen eraginaz galdetuta, Sagarduik adierazi du datorren astelehenenean hasiko direla txertoa zahar-etxeetan banatzen eta gaixotasun horrek aurkako bakuna jartzeko deia egin du.