Gizartea
KORONABIRUSA
Euskadik 418 positibo berri zenbatu ditu eta % 5,2ra igo da positiboen portzentajea
eitb.eus
Nafarroan ere kutsatze gehiago atzeman dituzte, 335 kasu positibo, eta lau heriotza izan dira azken egunean.
-
Kutsatutakoen ehunekoa % 5etik gorakoa izan da. Argazkia: euskadi.eus.
Azken orduetan 418 positibo atzeman dituzte EAEn, koronabirusaren pandemiaren eguneroko bilakaeraren datuen arabera. Ostegunean 7.946 PCR proba egin zituzten (aurreko egunean baino 3.023 gutxiago), eta horietatik 418 (33 gehiago) positiboak izan dira, hau da, % 5,26. Portzentajea handitu egin da, atzo % 3,8koa izan baitzen, bigarren bolada honetako bigarren baxuena.
Beraz, % 5etik gora egin du positiboen portzentajeak eta % 5etik aurrera talde transmisioaz hitz egiten da.
Ohikoa denez, hiriburuetan kutsatu ziren gehien. Gasteizek 63 positibo (+2) jaso ditu, ondoren, Bilbok 50 (-7) eta azkenik, Donostiak 54 (+9). Osasun Saileko iturriek azaldu dutenez, 100.000 biztanleko kasuen indizea 175,91 da Gasteizen, 114,43 Bilbon eta 118,91 Donostian.
Hiriburuak alde batera utzita, Bizkaian deigarriak dira azken orduetan Barakaldon (5 kasutik 29ra) eta Durangon (1etik 15era) izandako gorakadak. Baita Berrizen zenbatutako 19 positibo berriak ere.
Gipuzkoan, atzokoan kutsatze kopuruak gora egin ostean, Tolosan 2tik 11ra jaitsi dira, eta Azpeitian 5etik 13ra igo dira.
Araban, Urkabustaizen zein Zuian 2 kasu zenbatu dituzte.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Ospitaleen egoerari dagokionez, azken orduetan 36 pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19aren ondorioz, eta 56 (bat gehiago) zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Gaur egun, 244 paziente daude ospitaleratuta, hau da, aurreko egunean baino bat gutxiago.
R0 indizea, gaixo batek kutsa dezakeen pertsona kopurua adierazten duena, 0,96koa da Euskadin.
418 positibo berri horietatik, 231 emakumeak dira eta 187 gizonak. Adinaren arabera, positiboen zifra handienak 50 eta 59 urte arteko tarteetan daude, 67 kutsatze berri, eta 40 eta 49 artean, 61 positibo. Beste 60 kasu 20-29 urtekoen artean gertatu dira, 59 positibo 30-39 urtekoen artean eta beste 39 kasu 10-19 urtekoen artean. 60-69 urte bitarteko adin-tartean 36 kasu daude, eta 10 urtetik beherakoak, 21 kutsatu berri.
Adinekoen kolektiboan (beste adin-talde batzuetakoek baino konplikazio larriak izateko joera handiagoa dutenak), 23 kasu berri erregistratu dituzte 70 eta 79 urte bitartekoen artean, 20 positibo berri 80 eta 89 urte bitartekoen artean eta 22 90 urtetik gorakoen artean.
Nafarroan 335 eta lau hildako izan dira
Osasun Sailak 335 kasu berri atzeman zituen atzo, eta aurreko egunean, berriz, 223, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera. Atzo lau pertsona hil ziren gaixotasun horrengatik, 64 eta 88 urteko bi emakume eta 86 eta 97 urteko bi gizon, eta 13 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.
Ikuspegi geografikotik aztertuta, Iruñerriak eta Eskualdeak positiboen % 56 jaso dute, Tuterako Eremuak kasuen % 12, eta Lizarrak % 9. Gainerako positiboak (% 23) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Antzemandako 335 kutsatze berrietatik, 19 Iruñerriko zentro soziosanitario batekoak dira, 30 Azkoiengo oinarrizko osasun-eremukoak eta 14 San Adriangoak.
Agente bat abisua ematen Azkoiengo bizilagun bati. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Adin-tarteei dagokienez, 30 eta 44 urte artekoak izan ziren nagusi atzo, % 23, eta 15 eta 29 urte artekoak, % 21. Ondoren, 45 eta 59 urte bitartekoen taldea dago (% 18), 15 urtetik beherakoena eta 60 eta 75 urte bitartekoena (% 13) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoena (% 12). Kasu berrien batez besteko adina 42,6 urtekoa da.
Generoari dagokionez, % 51 gizonezkoak dira eta % 49 emakumezkoak.
Osasunaren ikuspuntutik, atzo 13 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroan, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, guztira, kutsatu egin direnak 18.641 dira, eta 579 hildakoak.
PCR probak Nafarroako sasoikako langileei
Nafarroako Osasun Sailak unitate mugikor bat prestatu du sasoikako langileei PCR probak egiteko mahats-bilketan aritzen diren nekazaritzako ustiategietan bertan. Neurri horrek osasun-zerbitzuen eta nekazaritza-sektorearen arteko koordinazioa erraztuko du, eta COVID-19 kasuen detekzioa bizkortzeko balioko du, langileen joan-etorriak saihestuz.
Helburua da sektore horretan egindako proben kopurua handitzea, lan batzuen iraupen eskasak eragina baitu, besteak beste. Horregatik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak nabarmendu dute sektorearen lankidetza funtsezkoa dela kutsatzeak murrizteko eta saihesteko. Hala, azpimarratu dute lan horietan ere eutsi egin behar zaiela COVID-19ren aurkako prebentzio-neurriei, nahiz eta batez ere aire zabalean egin.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.