Gizartea
Koronabirusa
Madril neurri murriztaileak hartzera behartzen duen araua argitaratu du BOEk
Agentziak | Erredakzioa
COVID-19 kasu asko dituzten hiri handiek 48 ordu dituzte araua betetzeko. Ayusok iragarri du araua beteko duela, baina auzitegietara joko duela.
-
PRC probak egiteko gunea, Puente de Vallecasen (Madril). Foto: EFE
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE, gazteleraz) gaur argitaratu du COVID-19 agerraldi asko dituzten hiri handietan neurri murriztaileak hartzera behartzen duen araua. Araua nahitaez bete beharrekoa da, eta epemuga ere badu: 48 ordu dituzte hiriok neurriak hartzeko.
Araua atzo onartu zuten Osasun Publikoaren Batzordean. Horren arabera, 100.000 biztanletik gorako hirietan 500 kasu positibo baino gehiago atzemanez gero mugikortasuna mugatu beharko dute. Erkidego gehienek egin zuten neurriaren alde, baina Madrilek, Andaluziak, Kataluniak, Galiziak eta Ceutak kontra bozkatu zuten.
"Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluko erkidego eta hiriek derrigorrez bete beharko dute", irakurri daiteke Aldizkarian.
Madrilgo Erkidegoak atzo aurreratu zuenez, ez du araua beteko eta haren kontrako helegitea prestatzen ari da. Ildo beretik mintzatu da gaur Isabel Diaz Ayuso Erkidegoko presidentea. "Ez dugu onartuko Madrilen esku hartzea neurria kontsentsuz hartutakoa dela argudiatzen badute ere. Iragarri du erkidegoko abokatuarekin "presaka" hartutako neurri horiek aztertzen ari direla.
esRadio irrati kateari egindako elkarrizketa batean, Ayusok estu hartu du Salvador Illa Osasun ministroaren jarrera. Azaldu du joan den asteko hasieran neurriak elkarrekin adostu zituztela, baina astea amaitzerako "presekin zoratu zen Sanchezek aginduta".
"Asteburuan agerikoa izan da Illaren hiperaktibitatea hedabideetan: bat batean Madril isolatu beharra zegoen, dena zen desastrea, kutsatze komunitarioa geneukan, dena oker zegoen... Dena kolapsatuta egongo balitz moduan, heriotza balitz moduan... horri men egin behar geniola", azaldu du. Madrilgo presidenteak esan du ez dakiela zergatik aldatu diren hainbeste gauzak, baliteke berak hartutako neurriak egokiak izateagatik edo akaso "Kataluniarekin du zerikusia".
Gerora, osoko bilkuran adierazi duenez, Madrilek "bete egingo ditu, zorrotz bete ere" ezarritako neurriak. "Erkidego hau ez dago errebeldian, gobernu hau ez dago errebeldian. Espainiako Gobernuaren agindu guztiak beteko ditugu, ez garelako bere bazkide independentistak bezala", esan du. Dena dela, iragarri du "auzitara" joko duela "madrildarren interes legitimoak defendatzeko".