Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Faltzes eta Funes ixteko neurriak hartu ditu Nafarroako Gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

COVID-19a hedatzea gelditzeko ezohiko neurriak gauerdian sartu dira indarrean, eta gutxienez zazpi egunetarako izango dira.

1:18
Ignacio Dominguez, Funeseko alkatea. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Azkoien itxi ostean, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak Faltzes eta Funes konfinatzeko neurriak hartu ditu.

Bi udalekin elkarlanean, ezohiko neurriak ezarriko dituzte asteazken honetatik aurrera COVID-19ak eragindako kutsatzeak gelditzeko asmoz. Aipatu neurri murriztaileak gauerdian sartu dira indarrean, eta gutxienez zazpi egunetarako izango direla zehaztu dute.  

Azken 14 egunetan, 100.000 biztanleko 1.000 kasu positibo baino gehiago atzeman dituzte bi udalerri horietan. Horrela, bada, ordutegiak, edukierak eta taldean bildu daitezkeen pertsonen kopurua murriztu egingo dituzte agintariek. Neurri horiek esparru publikoan nahiz pribatuan izango dute eragina.

Halaber, Faltzesen eta Funesen sarrera-irteerak mugatuta egongo dira, eta funtsezkoak diren eginkizunetarako soilik egongo da baimenduta mugikortasuna.   

Azkoienen ondotik, Faltzes eta Funes dira biztanleko kasu positibo gehien pilatu dituzten herriak, eta oinarrizko osasun gune berean daude hiru udalerriak.

Neurri murriztaileak ezartzeaz gain, Osasun Departamentuko eta udaletako agintariek herritarrak eta gizarte eragileak informatzeko ekimenak iragarri dituzte.

Bestalde, Foruzaingoa, Guardia Zibila eta Udaltzaingoak koordinatuta arituko dira arau berriak betetzen direla bermatzeko.