Gizartea
KORONABIRUSA
Milioi bat pertsona hil ditu jada COVID-19ak mundu osoan
EITB.EUS
204.480 pertsona hil dira AEBn eta 141.000 Brasilen (horiek dira biktima gehien dituzten herrialdeak). Europan, Erresuma Batuan hil du koronabirusak jende gehien: 41.971.
-
Gaixo bat, New Yorkeko ospitale bateko ZIUan, AEBetan. Argazkia: EFE
Koronabirusaren pandemia milioi bat biktima uzteko zorian dago. Igande honetan 994.000 hildako egiaztatu dituzte, eta gaitza egunean 6.000 heriotza baino gehiago eragiten ari dela ikusita, eguna amaitzerako gaindituko da langa hori. Kutsatuak, berriz, 32,8 milioi baino gehiago dira jada munduan.
AEB, India, Brasil eta Errusia dira munduan kutsatu gehien dituzten herrialdeak, Johns Hopkins Unibertsitatearen arabera, eta horietako bitan zenbatu dituzte hildako gehien.
AEBn 204.480 pertsona hil dira jada koronabirusarekin, eta 7 milioi kutsatu dira. Gaur egun horren gaizki ez badago ere, New York da AEB osoan hildako gehien izan dituen estatua: 33.206; Peruk, Frantziak edo Espainiak baino gehiagok, adibidez.
Indian, 5,9 milioi kutsatu zenbatu dituzte eta 94.503 pertsona hil dira.
Brasilen, 4,7 milioi kutsatu eta 141 406 hildako izan dituzte orain arte.
Errusian, berriz, 1,1 milioi kutsatu atzeman dituzte eta 20 324 hildako izan dira.
Horien atzetik daude Kolonbia (790.000 positibo), Peru (788.000), Espainia (716.000) eta Mexiko (715.000) kutsatu kopuruari dagokionez.
Kutsatuak eta heriotzak Europan
Europan, Erresuma Batua da gaitzak gogorren jo duen herrialdea. 429.277 pertsona kutsatu eta 41.971 hil dira.
Italian, 308.104 kutsatze izan dira eta 35 818 hildako.
Frantzian, 527.446 pertsona kutsatu dira eta 31.700 hil dira.
Eta Espainian, 716.481 kutsatze atzeman eta 31.232 pertsona hil dira.
Alemaniari dagokionez, 284.140 kutsatu eta 9.457 hildako izan dituzte pandemia hasi zenetik.
Hans Kluge Munduko Osasun Erakundearen (MOE) Europako zuzendariak ohartarazi duenez, koronabirusaren transmisioa "oso kezkagarria" izaten ari da Europan, azken asteotan atzemandako kasuek martxoan jakinarazitakoak gainditu dituztelako.
Horregatik, prebentzio neurriak zorrotz betetzera dei egin dute (distantzia, higienea eta maskara). Izan ere, MOEk ez du espero COVID-19aren aurkako txertoak bi urte baino lehen masiboki eskuragarri egotea, baina litekeena den lehen arrisku-taldeak 2021aren erdialdean immunizatzea.