Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroako Gobernuak 15 egun gehiago luzatu ditu COVID-19aren neurri murriztaileak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Maria Chivitek esan du helburua "kontrolik zorrotzena mantentzea dela, kasuen kurbaren inflexioa lortzeko".

1:21
314 positibo zenbatu dira gaur Nafarroan. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Irailaren 12an indarrean sartu zen COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileen foru agindua 15 egunez luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak.

Foru aginduak, besteak beste, honako neurri hauek ezarri zituen: bilera pribatuak sei lagunera murriztea, ostalaritzan barra kontsumoa 24:00ak arte mugatzea eta 22:00etatik aurrera alkoholik ez saltzea, ostalaritza-establezimenduetan izan ezik.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, helburua "kontrolik zorrotzena mantentzea" da, "kasuen kurba inflexiora bideratzeko". Azaldu duenez, foru aginduaren neurri guztiak mantenduko dituzte, aire zabaleko merkantzien gaineko "aldaketa txikiak" barne.

"Merezi du ahalegin hori egitea, azken egunotan ikusten ari baikara jaisten ari dela kasuen kopurua, apur bat bada ere, nahiz eta guk proben kopurua handitu", nabarmendu du presidenteak, eta "abuztuaren bigarren hamabostaldian eta iraileko lehen hamabostaldian kontzentratu ziren jaiekin zerikusia duen guztia igaro ostean, kopuru txikiagoak izatea espero dut", adierazi du. "Une honetan ez dago mahai gainean konfinamendu orokor bat", gaineratu du.

Salvador Illa Osasun ministroak biztanle bakoitzeko 500 kasu baino gehiago dituzten hiri handietara mugikortasuna mugatzeko egindako gomendioari buruz galdetuta Chivitek esan duenez, "ez dugu kezka handirik Iruñean izandako eraginaren inguruan".

Horren hitzetan, "une honetan Azkoienen konfinamendua daukagu, intzidentzia oso handia zelako eta neurriek funtzionatzea espero dugulako". "Leitzan eta beste hainbat udalerritan ondo funtzionatu duten leku zehatzera bideratutako neurriak hartzea erabaki dugu", gaineratu du. Eta ez du baztertu "beste populazio batzuetan neurriak hartzea, eragina areagotuz gero".

Azkoiengo murrizketen inguruan, alkateak esan du konfinamendu neurriak "ondo" betetzen ari direla eta "polizien arteko koordinazioa ondo" ari dela funtzionatzen. Beraz, neurri horiek "erantzuna izatea eta kasu positibo gutxiago egotea" espero du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.