Itxi

Gizartea

ORDU ALDAKETA

Ordulariak ordubete atzeratzeko ordua

EITB.EUS

Urriaren 24tik 25erako goizaldean, 03:00etan 02:00ak izango dira.

  • Mahai gaineko erloju bat

    Mahai gaineko erloju bat. CCO lizentzia duen irudia

Urtero garai honetan gertatzen den bezala, udazkenarekin batera, ordulariak ordubete atzeratzeko eta neguko ordutegira egokitzeko unea iristear da.

Ordu aldaketa urriko azken igandean (urriak 25) izango da. Ordulariak ordubete atzeratu beharko dira, neguko ordutegira egokitzeko, eta 03:00etan 02:00ak izango dira. Horrenbestez, igandeak 25 ordu izango ditu.

Egun horretatik aurrera, ordubete lehenago argituko du eta ordubete lehenago ilundu.

Europar Batasunean, ordutegi aldaketa urtean bitan (martxoko eta urriko azken igandeetan) egitea erabaki zuten agintariek 2001ean. Araudi hori EBko kide diren herrialde guztietan aplikatu behar da nahitaez, eta energia aurreztea eta argi naturala aprobetxatzea du helburu.

Urriaren 25ean ordu aldaketa egingo bada ere, 2021etik aurrera ordu aldaketa horiek kentzea aztertzen ari dira Europako Parlamentuan.

Europako herrialdeek 2020ko apirilera arteko epea dute udako ordutegiarekin edo neguko ordutegiarekin geratuko diren erabakitzeko. Lehen aukera aukeratzen badute, azken ordu aldaketa 2021eko martxoan izango da; bigarrena hautatzen dutenentzat, berriz, 2021eko urrikoa izango da azkena.