Gizartea
Donostian
Zinemaldiak Eugène Green zuzendaria kanporatu du musukoa ez eramateagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aretotik ateratzea eskatu diote Zinemaldiko arduradunek musukoa eramatearen aurka erakutsitako jarreraren ondorioz. Ertzaintzako bi kidek salaketa administratiboa jarriko diotela iragarri diote.
Donostiako Zinemaldiak Eugène Green zinema zuzendaria kanporatu du "Atarrabi et Mikelats" filmaren emanaldian musukoa ez eramateagatik.
Zinemaldiko arduradunek ohar baten bidez jakitera eman dutenez, "bost aldiz esan genion musukoa jartzeko, baina ez zuen inolako jaramonik egin".
Segurtasun neurriak errespetatzearen aurka erakutsitako jarreraren ondorioz, aretotik kanporatu egin dute Zinemaldiko arduradunek eta Ertzaintzako bi kidek salaketa administratiboa jarriko diotela iragarri diote, COVID-19aren hedapenaren aurka legez indarrean dauden neurriak ez errespetatzeagatik.
Gainera, Zinemaldiko ekitaldietan zehar aritzeko gonbidapena ere kendu egin diote, antolatzaileen hitzetan, "Osasun Sailak ezarritako neurrien aurka erakutsitako jarreragatik eta Zinemaldiko langileen eta ikusleen osasuna arriskuan jartzeagatik".
Eugène Green zinema zuzendari estatubatuarra Parisen bizi da egun eta euskal mitologia hizpide duen "Atarrabi et Mikelats" filma aurkeztera zetorren Zinemaldiara.