Gizartea
Koronabirusa
MOEren arabera, herritarren % 10ek soilik garatu dituzte antigorputzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19aren arduradunak jakitera eman duenez, hainbat ikerketa egin ondoren, aldakortasun handia atzeman dute birusaren aurkako antigorputzen iraupenari dagokionez.
-
Koronabirusa. Argazkia: EFE
Munduan, herritarren % 10ek soilik garatu dituzte koronabirusari aurre egiteko antigorputzak, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) egindako ikerketen arabera. Ondorioz, herritar gehienek ez dute inolako babesik COVID-19aren aurrean.
Maria Van Kerkhove MOEn COVID-19ari aurre egiteko izendatutako arduradunak baieztatu duenez, seroprebalentziari buruzko ikerketek askotariko emaitzak eskaini dituzte; hortaz, zaila egiten zaie ondorio garbiak atera ahal izatea. Hala ere, herritarren % 90ek ez dutela antigorputzik garatu ondorioztatu dute.
"Datu horiek orotara aztertuz gero, herritarren % 10ek baino gutxiagok gainditu omen dute gaixotasuna, eta, ondorioz, gehiengoak ez duenez inolako babesik, ezinbestekoa da segurtasun neurriekin jarraitzea", adierazi du Maria Van Kerkhovek sare sozialen bidez eskainitako prentsaurrekoan.
Bestalde, Munduko Osasun Erakundearen arduradunaren esanetan, osasun arloko langileen artean asko omen dira antigorputzak garatu dituztenak; langileen % 20 eta % 25 artean. Auzo pobre zehatz batzuetan % 40tik gorako seroprebalentziak izan direla gaineratu du.
Van Kerkhovek jakitera eman duenez, birusaren aurkako antigorputzen iraupenaren inguruko hainbat ikerketaren arabera, aldakortasun handia dago; izan ere, baliteke denborarekin eraginkortasuna galtzea edota inolako aldaketarik ez izatea eta luzaroan irautea.
"Katarroa eragiten duten beste koronabirus batzuen kasuan, SARS edo MERS koronabirusen kasuan, esaterako, antigorputzak iraunkorrak ez direla egiaztatu da; hortaz, COVID-19arekin gauza bera gerta liteke", azaldu du adituak.