Gizartea
Koronabirusa
Test antigenikoak erabiliko dituzte diagnosi eta baheketa azkarrerako
agentziak | erredakzioa
Kontrolerako estrategia eguneratu egin dute, eta aurrerantzean PCRa eta test antigenikoa uztartuko dituzte diagnosiaren eta kasuen jarraipenaren eta kontaktu zuzenen kasuan.
-
PCR proba. Argazkia: Efe
Espainiako Gobernuaren Osasun Publikoko Batzordeak “COVID-19a arin atzemateko, zaintzeko eta kontrolatzeko estrategia” gaurkotu du, eta berritasunen artean, test antigenikoak sartu dituzte diagnosi eta baheketa azkarrerako.
Gaur egun, infekzio aktiboa atzemateko bi era daude, antigenoen test azkarra eta PCR edo molekula teknika baliokidea. Hori horrela, estrategia eguneratu ostean, aurrerantzean PCRa eta test antigenikoa uztartuko dituzte diagnosiaren eta kasuen jarraipenaren eta kontaktu zuzenen kasuan.
Helburu nagusia diagnosia erraztea eta ahal den azkarren egitea da, horrela, birusaren transmisioa gelditzeko prozesua bizkortzeko.
Gainera, Salvador Illa buru duen Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, proba horien bitartez aurre egin ahal izango diote datorren hilabeteetan egongo den eskari zabalari, gripea ere batuko zaiolako koronabirusari, eta tresna horiekin azkarrago egin ahal izango da baheketa.