Gizartea
KORONABIRUSA
Lau egoiliar hil dira Bizkaiko adinekoen egoitzetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dagoeneko 51 erabiltzaile hil dira pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik.
-
Adineko egoitza bateko erabiltzaileak ilara egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Bizkaiko adinekoen egoitzetako lau erabiltzaile hil dira azken egunetan eta dagoeneko 51 dira hildakoak koronabirusaren bigarren olatua hasi zenetik, Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Aitzitik, positibo kopuruak behera egin du eta ospitaleratze kopuruak, gora.
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, igandean 108 positibo zeuden Bizkaiko zahar etxeetan (155 zentro eta 10.748 plaza), bi aste lehenago baino 15 gutxiago, eta 31 erabiltzaile ospitaleratuta daude, 4 gehiago.
Halaber, azken egunetan gora egin du koronabirusarekin kutsatu diren egoitzetako langileak: 122 ziren igandean, ostiralean baino 23 gehiago. Dena dela, isolamenduan 55 behargin daude, lau gutxiago.
Gaur-gaurkoz, 12 dira gaixoak dituzten zentroak: Leioa IFAS (19), Domus VI Miraflores (16), Zuetxe (14), San Jose Etxe Alai (12), Elorrio-IFAS (10), Ballesol (9), Santa Maria (8), Marcelo Gangoit (7), Albiz Santiago Llanos (5), Misericordia (5), IMQ Igurco Zorrozgoiti(2) eta Elorduy (1).