Gizartea
Koronabirusa
Jaurlaritzaren ustez, baliteke COVID-19aren bigarren olatuaren okerrena pasatu izana
agentziak | erredakzioa
Hala eta guztiz ere, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren Zaintza eta Kontroleko arduradunak jakinarazi du lehenengo aldiz ikasle batzuk eskolan kutsatu diren aztertzen ari direla.
-
Ignacio Garitano. Argazkia: Efe
Eusko Jaurlaritzak uste du, pandemiak azken asteotan duen joera ikusita, baliteke COVID-19aren bigarren oldeak beheranzko joera hartzea aurrerantzean EAEn.
Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak agerraldia egin du astelehen honetan EAEko egoera epidemiologikoa aztertzeko, COVID-19aren harira. Gaur 387 kutsatze berri jakinarazi dituzte, eta egindako PCR proben % 5 inguru izan dira positiboak.
Garitanok esan du pandemia egonkortu egin dela EAEn, non "foku garrantzitsurik" ez dagoen identifikatuta. Hori "oso albiste ona" dela eta, "oso pozik" agertu da, kutsatze datuek eta ospitaleetako egoerak izan duten bilakaerarekin.
Onartu du zuhurrak izan behar direla eta datozen asteetako datuak ikusi behar direla bigarren olatuaren muga gainditu dela baieztatzeko, baina ohartarazi du zenbait arrisku daudela, hala nola autobabeserako neurriak erlaxatzea lanpostuetako atsedenaldietan, "gremio guztietan".
Ildo horretan, jakinarazi du Gasteizen baheketa bat egiten ari direla enpresa batean, "kasu positibo batzuk" antzeman dituztelako, baina ez du datu gehiagorik eman.
Eskolak
Hezkuntza arloa ere izan du hizpide Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak, eta aitortu du joan den aste honetan bi ikastetxetan antzeman dutela lehen aldiz eskola berean ikasle positibo bat baino gehiago egon dela.
Azaldu duenez, kutsatzea ikastetxe barruan gerta zitekeen, baina baita kanpoan ere, ikasle horietako asko "ikastetxetik irtetean ere harreman estuan" daudelako.
"Kutsatzea ikastetxe barruan edo kanpoan gertatu den zehazten duen frogarik ez dago", esan du Garitanok, eta gaineratu du osasun agintarien ustez ikastetxeak "oso inguru segurua" direla birusaren transmisioari dagokionez.
4.348 ikasle isolatuta
Igande honetara arte, 4.348 ikasle zeuden isolatuta EAEn, hau da, 0 eta 18 urte bitarteko ikasleen % 1,16. Hala ere, ikasle horietako batzuk isolatu zituzten lehenetakoak dira, eta astelehen eta astearte honetan amaituko dute berrogeialdia.
Garitanok adierazi du, oro har, baiezta daitekeela eskolak hasi zirenetik derrigorrezko eskolatzeko adinean dauden haur eta nerabeen artean ez dela kutsatzeen aparteko gorakadarik izan, baina aitortu du datozen asteetara arte itxaron beharko dela.
Miguel de Unamuno egoitza
Bilboko Sarriko auzoko Miguel Unamuno ikasle egoitzaren egoerari dagokionez, ikerketak zabalik jarraitzen duela adierazi du, eta orain arte jakinarazitako 17 positiboez gain, "beste positiboren bat" ere atzeman dutela.
Bertan bizi diren ikasle guztiei PCR probak egingo dizkietela aurreratu du, eta 150 PCR inguru egingo dituztela, EHUrekin elkarlanean.
Zestoa
Zestoari dagokionez, 30 bat kasu agertu ostean autokonfinatutako Gipuzkoako udalerrian, Garitanok jakinarazi du positibo bat gehiago atzeman zutela igande honetan egindako probetan.