Itxi

Gizartea

Irakaskuntza

Protesta eguna Gasteizko Salburua ikastetxean, irakasleak falta dituztela salatzeko

EiTB.EUS

Guraso Elkarteak, familien ordezkariek eta irakasleek deituta, elkarretaratzea egin dute 08:45etik 09:15era, eskolan duten egoera salatzeko.

  • Protesta eguna Gasteizko Salburua ikastetxean, irakasleak falta dituztela salatzeko

    Gasteizko Salburua ikastetxea. ETBren bideo batetik ateratako irudia

Gasteizko Salburua ikastetxean irakasle faltak eraginda duten ikasturte hasiera korapilatsuak mobilizazioak ekarri ditu irakasle eta eskolako haurren familien artean. Gaur bertan, protesta eguna dute han.

Goizetik hasi dituzte mobilizazioak. 08:45 jota, elkarretaratzea egin dute, Guraso Elkarteak, familien ordezkariek eta irakasleek deituta.

Lehen Hezkuntzako familia eta irakasleak Paris kalean elkartu dira, eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, Erroma kalean, "eskolan gertatzen ari diren egoerak salatzeko asmoarekin". Esan bezala, helburu nagusia da salatzea kurtso hasieratik bi irakasle falta dituztela eta zuzendaritza taldea desegingo egin dela. Izan ere, Salburua ikastetxeko zuzendariak eta ikasketa-buruak kargua uztea erabaki dute, COVID-19a dela eta zentroan duten egoerak bultzatuta. Irakasleak falta dituzte, eta horien lekua betetzeko zuzendaritzako lanak uztera "behartuta" daudela adierazi dute.

Eskolako Organo Gorenari igorritako gutun batean azaldu dituzte beren erabakiaren arrazoiak zuzendaritzako bi kideok. Horien arabera, Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzeko eta ikasleen gutxieneko segurtasun baldintzak bermatzeko "sekulako lanak" egiten ari dira eskoletan, baina egungo egoeran ezin dituzte behar horiek ase, besteak beste, behar adina irakasle ez dutelako.

700 ikasle ditu eskolak, eta bi irakasle gutxiagorekin hasi dute ikasturtea; HHko irakasle batek eta Gorputz Hezkuntzako beste batek ez dute hasterik izan, eta horien ordezkorik ez du jarri Hezkuntza Sailak. Bihartik, orain arte zuzendaria eta ikasketa-burua izan direnak beteko dituzte hutsune horiek.

Eskolako Aintzira guraso elkarteak egoera salatu du, eta irakasleak behin eta berriz eskatu dituzten arren, Jokin Bildarratz sailburuak zuzentzen duen Hezkuntza Sailetik ez dutela erantzunik jaso esan dute.