Itxi

Gizartea

EGURALDIA

Koronabirusaren uda Euskadin: beroa eta bereziki lehorra

EITB.EUS

Uztailean eta abuztuan egun euritsuak ez ziren 20ra heldu toki gehienetan. Beroari dagokionez, gutxienez birritan gainditu dira 40 °C-ak.

  • Uztaila amaieran 40 ºC-tik gora izan ziren termometroak.

    Uztaila amaieran 40 ºC-tik gora izan ziren termometroak. Argazkia: EFE

2020ko uda pandemiarena izango da zalantzarik gabe. Meteorologikoki, beroa eta bereziki lehorra (batez ere uztaila, euritsuagoa izan ohi da eta) izan dela esan genezake.

Hain justu, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bildutako datuen arabera, uztailean hilabete horretan ohikoa denaren erdia egin zuen euria, portzentaje hori are txikiagoa izan zen Goierrin (Gipuzkoa) eta Araban. Arabako Lautadan, esaterako, egun bakar batean egin zuen euria; kostaldean, berriz, zazpi. Abuztuak ez zuen joera hori hautsi (uztaila baino lehorragoa izan ohi da) eta apenas prezipitatu zuen, udako ekaitza bakanen bat salbu. Hala, toki gehienetan 10 egunetik behera egin zuen euria. Irailean ere ur eskasia izan da lege, azken egun hauetan zaparradak lagun izan baditugu ere. 

Lehortearekin batera, bero egin du, sargori zenbaitetan. Uztailean ondu ziren marka guztiak: hilaren 30ean 41,8 ºC zenbatu zituzten Galdakaon (Bizkaia) eta 40,8 ºC Oiartzunen (Gipuzkoa). Hori horrela, muturreko tenperaturengatik alerta laranja ezarri behar izan zuten. Sodupeko (Bizkaia) estazioak urteko marka erdietsi zuen egun hartan:  41,7 ºC. Gauez ere apenas freskatu zuen uztaileko azken egun horietan, eta minimoak epelak izan ziren: leku gehienetan ez ziren 20 ºC-tik behera jaitsi.

Abuztuan eta irailean bero zapa nagusi izan den hainbat egun izan dira. Abuztuaren 6an, adibidez, hileko baliorik altuenak harrapatu ziren eta leku askotan 40 ºC-tik gora izan ziren termometroak. Besteak beste, Arangurenen (41,1 ºC) eta Sodupen (40,3 ºC). Irailean bero itogarria izan da zenbait egunetan, batez ere hilaren 13an eta 14an. Azken egun horretan (igandea) jende oldea bertaratu zen hondartzetara, eta dozena erdi zarratu behar izan zituzten, gehiegizko edukiera gaindituta. 

Oso bestelakoa izan zen uztaila hasieran Araban erregistratutako balioak. Iturrietako mendietan izozte puntutik hurbil ibili ziren hilaren 4an: termometroak 0,8 ºC-ra jaitsi ziren. Abuztu amaieran ere (hilaren 31n) tankerako tenperatura minimo horiek izan ziren toki berean, zertxobait gorago egon baziren ere (1,6 ºC). Euskalmeten arabera, Arabako eta Bizkaiko mendietan baina baita Bizkaiko kostaldean ere, azken mendean erregistratutako abuztuko tenperatura baxuenak neurtu ziren.

Uda asteartean, hilaren 22an, bukatuko da, eta orduantxe (15:31n) abiatuko da udazkena