Gizartea
COVID-19
Gasteizko eskola bateko zuzendaritzak kargua utzi du, langileak falta dituztelako
EITB.EUS
HHko irakasle bat eta gorputz hezkuntzako beste bat falta dituzte eta horien lanak hartuko dituzte zuzendaritzako kideek. Irakasleek eta gurasoek protesta egingo dute astelehen goizean eskola aurrean.
-
Salburua ikastetxea, Gasteiz. Argazkia: Aintzira Guraso Elkartea.
Gasteizko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Salburua ikastexeko zuzendariak eta ikasketa buruak kargua uztea erabaki dute, COVID-19a dela eta zentroan bizi duten egoerak bultzatuta. Irakasleak falta dituzte, eta horien lekua betetzeko zuzendaritzako lanak uztera "behartuta" daudela adierazi dute.
Eskolako Organo Gorenari igorritako gutun batean azaldu dituzte beren erabakiaren arrazoiak zuzendaritzako bi kideok. Horien arabera, Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzeko eta ikasleen gutxieneko segurtasun baldintzak bermatzeko "sekulako lanak" egiten ari dira eskoletan, baina egungo egoeran ezin dituzte behar horiek asetu, besteak beste, behar adina irakasle ez dutelako.
700 ikasle ditu eskolak, eta bi irakasle gutxiagorekin hasi dute ikasturtea; HHko irakasle batek eta gorputz hezkuntzako beste batek ez dute hasterik izan, eta horien ordezkorik ez du jarri Hezkuntza Sailak. Bihartik, orain arte zuzendaria eta ikasketa burua izan direnak beteko dituzte hutsune horiek.
Eskolako Aintzira guraso elkarteak egoera salatu du, eta behin eta berriz irakasleak eskatu dituzten arren, Jokin Bildarratz sailburuak zuzentzen duen Sailetik ez dutela erantzunik jaso esan dute.
"Orain arte, ahalegin handiarekin talde guztien segurtasuna bermatzen eta protokoloa aurrera eramaten saiatu da zuzendaritza taldea, baina egoera jasanezina bilakatu da. Zuzendaritza taldeak, bi langile horien eskaera irailaren batetik kudeatu du, baina Hezkuntza Sailetik ez du inongo erantzunik jaso", adierazi dute gurasoek.
Guraso Elkartearen, familien eta irakasleen protesta
Bihar kontzentrazioa egingo dute Salburua eskolan, Guraso Elkarteak, familien ordezkariek eta irakasleek deituta, 08:45etik 09:15era, eskolan bizi den egoera salatzeko. Deialdia bidaltzen dizuegu atxikita.
"Paris eta Erroma kalean elkartuko gara modu baketsuan Hezkuntzan, orokorrean, eta gure eskolan zehazki gertatzen ari diren egoerak salatzeko asmoarekin. Kontzentrazio honen arrazoia lehenik eta behin kurtso hasieratik bi irakasle falta zaizkigula eta zuzendaritza talde barik gaudela salatzea da, beste gauza askoren artean. Lehen Hezkuntzako familiak eta irakasleak Paris kalean bilduko dira eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, Erroma kalean" azaldu dute.
Protestak izan dira aste honetan EAE osoan
Aste honetan bertan, ELA, LAB, Steilas, CC. OO. eta UGT sindikatuek deituta, greba egin dute EAEko unibertsitatez kanpoko zentroetan, "itzulera segurua eta adostua" aldarrikatzeko.
"Arduraz" jokatzeko eskatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari, eta ikasleen eta langile guztien segurtasuna berma ditzala. Besteak beste, ratioak jaistea eta plantillak handitzea ezinbestekotzat jotzen dituzte.
Langileek ez dute baztertzen mobilizazio gehiago egitea.
"Oinarrizko zerbitzuak bermatuta"
Bere aldetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak, Radio Vitorian atzo egindako elkarrizketan, ziurtatu zuen "oinarrizko zerbitzu publikoak bermatuko" dituela Gasteizko Gobernuak, eta "patxada" eskatu zien protestan ari diren eragileei. Horren arabera, "tentsio giroak" ez du ezertan laguntzen.