Gizartea
KORONABIRUSA
932 positibo gehiago Hego Euskal Herrian, eta 69 lagun ZIUetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
334 kasu atzeman dituzte Nafarroan, 266 Bizkaian, 229 Gipuzkoan eta 98 Araban. 49 pertsona daude une honetan EAEko ZIUetan eta 20 Nafarroakoetan.
598 kutsatze berri atzeman dira ostiral honetan Euskal Autonomia Erkidegoan, bezperan baino 79 kasu gehiago, baina ZIUetan aurreko egunean baino lau lagun gutxiago daude: 49 pertsona, zehazki.
Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, atzo 9.913 PCR proba egin ziren EAEn eta horien %6 positiboak izan ziren (598). Bezperan 9.166 PCR proba egin ziren eta 519 kasu atzeman.
Lurralde guztietan igo dira kutsatzeak: 266 kasu atzeman dituzte Bizkaian (bezperan baino 34 gehiago), 229 Gipuzkoan (39 gehiago) eta 98 Araban (13 gehiago). Euskadin bizi ez diren bost pertsonak ere positibo eman zuten atzo.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, ostiralean zehar 43 pertsona ospitaleratu zituzten plantan (aurreko egunean 36) eta ZIUetan 49 lagun daude une honetan (bezperan baino 4 gutxiago).
Nafarroan, berriz, 334 kasu gehiago atzeman zituzten atzo, foru erkidegoko Osasun Publikoaren Institutuak jakitera eman duenez. 2.833 PCR proba egin zituzten eta %10,8k positibo eman zuten. Gainera, 92 eta 97 urteko bi emakume hil ziren.
14 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten COVIDari lotuta, eta horiekin 193 dira jada Nafarroako osasun sarean ospitaleratuta daudenak une honetan, 20 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.
Ikuspegi geografikotik, atzoko positiboen %49 Iruñean eta Iruñerrian izan ziren, %32 Tutera inguruan eta %2 Lizarraldean. Hortik behera, Nafarroako gainontzeko eskualdeak.
Adinari dagokionez, hauek dira datuak: 45etik 59ra (%24), 15tik 29ra (%21), 30tik 44ra (%21), 60tik gora (%21) eta 14 urtez azpikoak (%13). Profila nabarmen aldatu da uda hasieratik, orduan askoz gazteagoak ziren kutsatuak, eta adina igotzearekin batera, areagotzen ari dira ospitaleratzea eskatzen duten kasuak.
Generoari dagokionez, kutsatu berrien %45 gizonezkoak izan ziren eta %55 emakumeak.
Pandemia hasi zenetik 14.558 pertsona kutsatu dira ofizialki Nafarroan eta 555 hil egin dira.
Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera, Nafarroa da biztanleko PCR gehien egiten dituen lurraldea (339,5 1.000 biztanleko).