Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Estatuan koronabirusaren lehen infekzioak Gasteizen izan omen ziren

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikerketa baten arabera, lehen "hedapen-foku" handia otsailaren 5etik 14ra izan zen Gasteizen, eta, ondoren, beste bat izan zen, martxoaren 16tik 19ra.

1:19
Laborategi bat. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

COVID-19aren gaixotasuna sortu zuen SARS-CoV-2 koronabirusak Espainiako Estatuan izan zituen lehen infekzioak Gasteiztik sartu ziren, ziurrenik, otsailaren 11n, Santiagoko Unibertsitateko Idis laborategiko genomikako adituek ondorioztatu dutenez.

Hala adierazi du erakunde akademiko horrek ohar batean, koronabirusaren eraginari buruzko ikerketa bat egin ostean. Ikerketa horren arabera, SARS-CoV-2 koronabirusaren infekzio kasu ia guztiak bost familia genetikoetatik datoz Estatuan.

Ikerketari esker baieztatu dutenez, COVID-19aren pandemia eragin duen koronabirusaren bost anduik kutsatu dute Estatuan identifikatutako kasuen % 90.

Dirudienez, birusaren B3a leinua Gasteizen barrena sartu zen Estatuan, eta Euskadiko beste leku batzuetan zabaldu zen, "Espainian pandemiaren jatorria izateko aukera gehien dituen erkidegoan".

Antonio Salas Ellacuriaga eta Federico Martinon Torres ikertzaileen ikerketaren arabera, lehen "hedapen gunea" otsailaren 5etik 14ra izan zen, eta, ondoren, martxoaren 16tik 19ra izan zen bigarrena.

Espainiako koronabirusaren bigarren leinu garrantzitsua, A2a5, "Italian sortu ahal izan zen", aipatu laborategiko adituen arabera. Koronabirusaren familia hori ziurrenik martxoaren hasieran iritsi zen Espainiara, eta Madrilen zabaldu zen, ikertzaileek azaldu dutenez.

Familia horietako asko, B3a eta A2a4, esasterako, bai Espainian sortutakoak bai inportatutakoak, Ingalaterrara hedatu ziren, eta Hego Amerikako herrialdeetara.

Ikerketa Zoological Research aldizkari zientifikoan argitaratu dute, eta 41.362 genoma aztertu zituzten ondorio horietara iristeko; horietatik 1.245ek Espainiako lagina osatzen dute, eta SARS-CoV-2 birusaren aldagai genomikoei buruzko ikerketa global handiena da, Santiagoko Unibertsitatearen arabera.

Ikertzaileek "Espainiako transmisio dinamika ulertzea" zuten hizpide, eta bost familia nagusi daudela ikusi zuten, "genomen oinarrian gertatzen diren gorabehera guztien ia % 90".

Horrek esan nahi du A2a5 linea guztizkoaren % 38,4 dela; B3a, % 30,1; B9, % 8,7; A2a4, % 7,8; eta A2a10, % 2,8.

Gainera, B3a, B9 eta A2a5c azpifamiliak Espainian sortu zirela egiaztatu dute, eta A2a5, A2a4 eta A2a10 Europako beste herrialde batzuetatik inportatu zirela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.