Gizartea
Irregulartasunak
Osakidetzako LEPari buruzko zitazioak atzeratu dira, balizko COVID-19 kasu batengatik
Agentziak | Erredakzioa
Asteazken honetan, 2016-2017ko oposizioetan Neurokirurgiako proben arduraduna izan zenak deklaratu behar zuen, eta hainbat lekuko zeuden deituta, baina zitazio guztiak atzeratu dituzte.
-
Osakidetza. EiTBren artxiboko bideo batetik hartutako argazkia
Osakidetzaren 2016-2017ko lan-eskaintza publikoko (LEP) oposizioetan ustez izandako filtrazioengatik asteazken honetan deklaratu behar zuten lekukoek eta inputatu batek ez dute deklaratu epailearen aurrean, COVID-19arekin lotutako ustezko kasu baten aurrean egindako PCR probaren emaitza jakin arte atzeratu baitute.
Prozesuan parte hartu duen pertsona batek sukarra du, eta, beraz, kasua ikertzen ari den Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiko titularrak zitazioak atzeratu behar izan ditu PCR probaren emaitza ezagutu eta koronabirusa duen edo ez jakin arte, LAB sindikatuak jakitera eman dutenez.
Asteazken honetan, oposizio horietan Neurokirurgiako proben arduraduna izan zenak deklaratu behar zuen inputatu gisa. Gainera, hainbat lekuko zeuden deituta, LABek eskatuta; izan ere, herri akusazio gisa aurkeztu da auzian, ESK sindikatua bezala.
Ustezko irregulartasun horiek Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa eragin zuten, eta irailaren 1ean kasuaren instrukzioa berrabiarazi zuten, LABek eskatutako 24 lekuko deituta, baina oraingoz ez dute epailearen aurrean deklaratu.
Neurokirurgiako proben arduradunaz gain, Neurofisiologia, Anestesiologia, Angiologia eta Digestio probetakoak ere daude auzipetuta.