Gizartea
KORONABIRUSA
46 pertsona hil dira astebetean Euskadin koronabirusaren ondorioz
eitb.eus
Azken orduetan, 459 kasu gehiago atzeman dituzte EAEn, eta 301 positibo berri eta heriotza bat Nafarroan. Halaber, Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan adineko bat hil da.
-
Pertsona batzuk kalean, maskarilarekin. Argazkia: EFE
COVID-19aren ondorioz 46 pertsona hil dira Euskadin irailaren 7tik 13ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan jakitera eman duenez. Gainera, 459 positibo atzeman dituzte EAEn azken 24 orduetan PCR proben bidez.
Zehazki, Euskadin baieztatutako kasu berrietako 237 Bizkaian atzeman dituzte, 166 Gipuzkoan eta 46 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 10 pertsonak eman dute positibo azken orduetan egindako PCR probetan.
Gaitza atzemateko 9.764 PCR proba egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Horrela, % 4,7ra igo da asteartean egindako PCR probetan atzemandako positiboen ehunekoa.
Araban, kutsatu gehienak (41) Gasteizen atzeman dituzte. Bizkaian, berriz, askoz zabalduago dago gaitza: Bilbon, adibidez, 100 kasu baieztatu dituzte, Getxon 20, Barakaldon 18 eta Erandion 17. Gipuzkoako egoerari dagokionez, Donostian 40 kutsatu zenbatu dituzte, Hernanin 12 eta Arrasaten 9.
Koronabirusak Euskadin eragindako egoera epidemiologikoari buruzko bilakaera esteka honetan dago eskuragarri. Azken orduetan herriz herri atzemandako positibo berriak ageri dira bertan, bai eta pandemia hasi zenetik zenbatutako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako sailkapena ere.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun 56 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko oharrean emandako datuen arabera. Une honetan, COVID-19a duten 315 pertsona daude gela arruntean; horietatik, 42 azken orduetan ospitaleratu dituzte.
0,86 da gaurko R0 indizea (atzo 0,89 zen).
Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 238 emakumeak dira eta 221 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 69 urte baino gutxiago dituzte; batez ere, 30 eta 39 urte bitartean (78 kasu).
COVID-19a duten 45 pertsonak 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta 51k, berriz, 20 eta 29 urte bitartean. Halaber, azken orduetan atzemandako 41 kasutan, gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, positibo eman duten 56 pertsonak 40 eta 49 urte bitartean dituzte, 65ek 50 eta 59 urte bitartean, 47k 60 eta 69 urte bitartean eta beste 64k 70 urtetik gora.
Adineko bat hil da Gipuzkoako erresidentzia batean
Bestalde, azken orduetan adineko bat hil da eta beste lauk positibo eman dute Gipuzkoako zahar-etxeetan. Pandemiaren bigarren olatuan, guztira, zortzi heriotza eta 70 kutsatze izan dira.
Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan pertsona bat hil da eta beste adineko batek positibo eman du. Donostiako Alai-Etxe erresidentzian bi adineko kutsatu dira eta Bergarako Mizpirualde zentroan beste bat.
Joan den abuztuaren 11tik sei zahar-etxetan izan dira positiboak: Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzan (1), Donostiako Alai-Etxen (10), Zorroagan (1), Hernaniko Santa Maria Magdalenan (39), Errenteriako Jesusen Bihotzan (17) eta Bergarako Mizpirualden (1).
Horrez gain, Arabako zahar-etxeetan 10 adineko sendatu dira, baina Gasteizko Colisee Miñano erresidentzian beste positibo bat detektatu dute eta dagoeneko 16 pertsona daude kutsatuta.
Pandemiaren bigarren olatu honetan, sei adineko zendu dira Arabako egoitzetan.
301 positibo berri eta heriotza bat Nafarroan
Nafarroan 301 positibo berri zenbatu ziren atzo egindako 2.851 PCR probetan, eta 82 urteko pertsona bat hil zen.
Javier Remirez Foru Erkidegoko presidenteordeak prentsaurrekoan emandako datuen arabera, atzo 23 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean.
Hala, 143 pertsona daude ospitaleratuta: 11 zainketa intentsiboetako unitateetan, 116 gela arruntetan eta 18 etxean.
Horren harira, presidenteordeak esan du gaur egun osasun sare publikoko ospitaleen egoera "oso jasangarria dela", "martxoan eta apirilean gertatutakoaren antzik ez duena, baina egia da hazkundearen joerak kezkatzen gaituela".
Remirezek gaineratu duenez, "ahalik eta gehien optimizatzen da baliabide publikoen erabilera" pazienteen arretarako, baina "pandemiari eusteko ahalegin oro positiboa izango da etorkizunean", eta sare pribatura bideratu behar dela ziurtatu du, "ez dugulako posizio ekonomizista izango".
Gainera, birusarekin bizi beharko dela esan du, "egiturazko irtenbide bat sortu arte, txertoa izan arte, baina gaur egun Foru Gobernuak ez du konfinamendu egoera orokor bat aurreikusten". Datu epidemiologikoen bilakaeraren araberako neurriak hartzea eta, beharrezkoa balitz, konfinamendu zehatzen bat ezartzea baizik ez dute aurreikusten.
Adin-tartearen arabera, 30 eta 44 urte artekoak eta 45 eta 59 urte artekoak dira talde nagusiak (% 22), eta, ondoren, 15 eta 29 urte artekoak (% 21), 15 urtetik beherakoak (% 17), 60 eta 75 urte artekoak (% 11) eta 75 urtetik gorakoak (% 7) daude.
Kasu berrien batez besteko adina 38,7 urtekoa da, eta generoaren arabera, % 51 emakumeak dira eta % 49 gizonak.
Osasun Publikoaren Institutuaren azken txosten epidemiologikoak (irailaren 7tik 13ra) erakusten duenez, PCRek baieztatutako kasuen tasa 100.000 biztanleko 300 da, aurreko astean baino % 72 gehiago.
Kasu berrien % 37 sintomarik gabekoa izan zen, % 63 baieztatutako kasuen kontaktuak, transmisioen % 37 etxean gertatu zen eta beste asko familia eta lagunen bileretan.
Positiboek gora egin dute adin-talde guztietan, hala, 15 eta 54 urte bitarteko kasuak % 62tik % 70era igaro dira, 5 urtetik beherakoak % 5 izan dira eta 15 urtetik beherakoak % 17.