Gizartea
Erresuma Batua
Oxfordek COVID-19aren aurkako txertoaren probei ekingo die berriro
agentziak | erredakzioa
Txerto hori aurreratuenetzat dute mundu osoan lantzen ari direnen artean, eta proba klinikoen azken fasean dago. Aurreko astean prozesua gelditu egin behar izan zuten boluntario bat gaixotu zelako.
-
Txertoa. Argazkia: Efe
Erresuma Batuko Oxford Unibertsitateak jakinarazi du berriro ekingo diela COVID-19aren aurkako txertoaren proba klinikoei, aurreko astean boluntarioetako bat gaixotu zelako prozesua bertan behera utzi ostean.
Unibertsitateak ohar batean azaldu duenez, ChAdOx1 nCoV-19 izeneko txertoaren probak, AstraZeneca farmazia etxearekin batera egiten ari direnak, berriro hasiko dira Erresuma Batuan, hilaren 6an badaezpada ere gelditu eta gero.
Txerto hori aurreratuenetzat dute mundu osoan lantzen ari diren guztien artean, eta proba klinikoen azken faseetan dago, herritarrak immunizatzeko prozesuari ekiteko nazioarteko erakundeen baimena jaso aurretik.
Abuztuaren amaieran, Europar Batasunak kontratua itxi zuen AstraZenecarekin txertoaren 300 milioi dosi eskuratzeko. Hori dela eta, kolpe gogorra, eta kezka iturri, izan da probak gelditu izana.
Unibertsitateak jakitera eman duenez, mundu osoan 18.000 pertsonak jaso dute txertoa proba klinikoen baitan, eta ohikoa da horrelakoetan boluntarioren bat gaizki sentitzea.